Uemak udaleku irekiak antolatu ditu, beste urte batez. Aurten ere aurreko edizioetako formatua mantendu eta udaleku ibiltaria antolatu dute. Salto! izeneko topaketa ekainaren 26an abiatuko da, Orozkon, eta bederatzi egunez luzatuko da. Uztailaren 4ean izango du amaiera, zehazki, Diman. Bidean, Areatza eta Otxandiotik egingo dituzte geldialdiak, eta azken hiru gauak Diman igaroko dituzte.
Oraindik aurtengo edizioko plangintza zehatzik ez dutela jakinarazi du Irati Odriozola Zugarramurdi Uemako euskara teknikariak eta aisialdiko arduradunak, baina urteroko moduan, herriz-herriko ibilaldiak ez ezik, tartean, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak, jolasak, solasak eta hausnarketarako denbora ere izango dute, besteak beste. «Aurten herri guztietan izango dugu igerilekua, eta hori aprotxatzeko asmoa ere dugu», gehitu du. Hala ere, Odriozolak azaldu bezala, «Salto! Uemako herrietako bizitzan txertatzeko eta egunerokoaren parte sentitzeko asmoa dugu, bertako bitxikeriak ezagutuz eta udalekuetan parte hartuko duten gazteen eta herritarren arteko elkarlana sustatuz».
Abenturaz beteriko udalekua dela dio Odriozolak: «Hasteko, udalekua ibiltaria da eta horrek badu zerbait berezia. Gazteek zakua eta esterila eramaten dute eta herrietan aurkitzen diren azpiegitura desberdinetan egiten dute lo: frontoietan, aretoetan edota kiroldegietan, besteak beste. Herriz herriko eszenatokiak aldatu egin daitezke, eta horrek ere xarma berezia ematen dio».
Aurreko urteetan izandako arrakastaren ondorioz, iaz parte hartzaileen kopurua bikoiztu zuen Uemak. Aurten, berriz, iazko izen emate kopuruak kontuan hartuta, aurreko edizioetan baino gazte gehiagorentzat izango da lekua. Odriozolaren esanetan, «arrakasta handiko udalekua da Salto!, eta urtero jendea kanpoan geratzen zenez, aurten udalekuak zabaltzea eta beste 20 lagunetarako lekua egitea erabaki dugu». Hala, zehazki, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako 120 gaztek izango dute aurtengo edizioan parte hartzeko aukera.
Horiek guztiak bederatzi egunetako abentura batean murgilduko dira, eta hori ere aurtengo berritasunetako bat dela aipatu du arduradunak: «Orain arte udalekua astebetez ospatzen genuen, baina gazteek hala eskatuta bederatzi egunez luzatzea erabaki dugu aurtengo edizioa. Udalekua beraien nahietatik abiatzen saiatzen gara, egoerak uzten badigu behintzat».
Sare berriak sortuz
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuaren helburua, baita gazteak elkar ezagutzea eta sare berriak sortzea ere.
«Urtero udalekuak bukatu ostean gazteengandik edota familiarengandik jasotzen dugun feedback-a beti positiboa izaten da, eta hori da jaso genezaken fruiturik emankorrena», aitortu du arduradunak. «Iazko edizioan, adibidez, ia 100 gazteek parte hartu zuten, eta beste egun batean talde erdia baino gehiago haien kabuz elkartu ziren. Hori da gure helburua; beraien artean sarea sortzea», gehitu du.
Salto! «naturalki» hazten joan den leku bat da. Parte hartzaile kopurua ez ezik, Uema osatzen duen herri sarea ere zabaltzen ari baita. Odriozolak aitortu bezala, «Uemako herri askok Salto bertatik pasatzea nahi dute. Horretarako eskaera kopurua geroz eta handiagoa da, gainera. Horregatik, uste dut Salto! badela Uemako ekitaldi arrakastatsuetako bat, beste hainbesten artean, eta bere forma naturala hartzen hasia da dagoeneko».
Izena emateko epea zabalik da, eta hilaren 31ra arte izango da horretarako aukera uema.eus webgunearen bitartez edo 943 81 66 99 telefono zenbakira deituta.