Emakumea eta euskal musika uztartzen dabiltza

Ataria 2023ko martxoaren 8a

Batura Zikloaren baitan, hiru kontzertu izango dira Tolosaldean, datozen asteetan; martxoaren 12an izango da Amezketan.

Batura Zikloaren barruan, musika klasikoko hiru kontzertu eskainiko dituzte datozen asteetan eskualdean. Amezketan, Altzon eta Adunan izango dira, hilaren 12an, 19an eta 26an. 12:30ean izango dira guztiak, eta doakoak izango dira.

OE Bulego Sortzailearen ekimena da Batura Zikloa. Jaialdiaren helburua euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin batera Euskal Herrian barrena zabaltzea da. Hirugarren edizioa da aurtengoa eta 22 kontzertu programatu dituzte denera. Horietatik, zazpi Tolosaldean; Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain eta Alkizan egin dituzte dagoeneko kontzertuak. Eta apirila amaieran itxiko dute zikloa, Donostiako Victoria Eugenian izango den kontzertuarekin.

Aurtengo edizioan, emakumea eta euskal musika hartu dituzte ardatz. Horrela, emakume konpositore batzuen errepertorioak txertatu dituzte kontzertuetan.

Nazioartean ibilbide luzea duten bertako eta kanpoko artisten bidez, eta jaialdiaren filosofiari jarraituz, euskal musika nazioarteko errepertorioekin batera programatzen dute jaialdian.

Egitaraua

  • Amezketa
    • Martxoak 12. Sira Hernandez piano jotzailearen kontzertua, 12:30ean, kultur etxean.
  • Aduna
    • Martxoak 19. Pavel Gomziakov biolontxelo jotzailearen eta Josu Okiñena piano jotzailaren kontzertua, 12:30ean, Andre Mariaren elizan.
  • Altzo
    • Martxoak 26. Hodeiertz abesbatzaren kontzertua, 12:30ean, elizan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!