Mugiment kirol txartela, Ibarra, Tolosa eta Villabonako kiroldegietan

Ataria 2023ko mar. 8a, 11:21

Urtarrilean aurkeztu zituzten Tolosako Usabal kiroldegiko langileek txartelaren xehetasunak, eta geroztik herri gehiago batu dira programara.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkako foru aldundiekin batera, kiroldegietarako sarbideak bateratzeko sistema bateratua da Mugiment kirol txartela, eta bertan daude Ibarrako Belabieta, Tolosako Usabal eta Villabonako Olaederra kiroldegiak, bi lurraldeetako ia 100 herritako kiroldegiekin batera. Herri guztien zerrenda ikusi daiteke Kiroltxartela.eus webgunean.

Txartelaren helburua da, nagusiki, kirola sustatzea eta herritarrei egindako kirol eskaintza handitzea herritarren esku kiroldegi sare zabala utziz. Mugiment txartela txartel birtual bat da, eta app baten bidez, aukera ematen die Mugiment KTX ekimenean parte hartzen duten udalerrietako instalazioetan abonatutako pertsonei parte hartzen duten gainerako udalerrietako instalazioak erabiltzeko. Hau da, eskualdean Ibarrako, Tolosako edo Villabonako kiroldegietan abonatutako herritar batek alta emanez gero, sarearen barruan dauden kiroldegietako instalazioak erabili ahal izango ditu, izan Bilbon edo Larrabetzun.

Horretarako, eskualdeko herritarrek txartel digitala eta NAN-a erakutsi beharko dute sartu nahi duten kiroldegian. Bertako langileak sarbidea erregistratuko du webgune batean eta erabiltzailearen gailuan egiaztapen-kode bat sartuko du baimendua dagoela adierazteko. Abonatuak ezingo ditu kiroldegi berriko instalazioak nahi bezala erabili, izan ere, udal bakoitzak erabakiko du zein zerbitzu eskaini.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!