Aldarri feministek Tolosaldeko kaleak bete dituzte gaur Martxoaren 8an. Eskualdeko herri ezberdinetan mobilizazio ugari egin dira mugimendu feministak egindako deiari jarraituz. Zaintza sistema heteropatriarkala suntsitzea eta antolakuntza eta autodefentsa feminista indartzea izan dira emakumeek kalean egin dituzten eskakizun nagusiak.
Zaintza sistema irauli beharraz hitz egin dute feministek: «Emakumeak gara familian zaintzen ardura gure gain hartzen dugunak, zahar etxeetan zein haur eskoletan lan egiten dugunak, emakume migranteak gara etxeak eta ospitaleak garbitzen ditugunak, zahartzaroan dauden pertsonak zaintzen ditugunak». Gaurko mobilizazioetan gogoratu dute etxeko langile askok eta migratutako zaintzaileek «preso gisa» lan egiten dutela, ez dutela legezko soldata kobratzen eta ez dutela atsedenik hartzeko eskubiderik izaten. «Mehatxuak jasotzen dituzte paperik ez dutelako. Nork zaintzen ditu emakume migratu eta arrazializatuak? Nork zaintzen ditu zaintzaileak», galdetu dute. Atzerritartasun Legea indargabetzea eta lehenbailehen pertsona guztien erregularizazioa exijitu dituzte, ondorioz.
Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egiten du mugimendu feministak. «Dependentzia kasuetatik harago doan planteamendua da, oinarrizkoak eta beharrezkoak diren zaintzak pertsona guztiek bermatuak izan ditzaten eskatzen dugu».
Zaintza sistema kolapso egoeran dagoela eta erabaki multzo baten «deriba logikoa» dela uste du mugimendu feministak. «Sistema bortxatzailea da, egitura heteropatriarkal eta kolonialean oinarritzen dena. Sexu jazarpena eta sexu abusua normalizatzea, femizidioak areagotzea, ijitoen arbuiatzea, azpiegitura publikoak murriztea, bizitzaren garestitzea... klase politikoaren estrategia maskulinista deliberatu baten gainerako dimentsioak dira». EAJk, PSNk, CENek eta Confebaskek «zaintzak pribatizatu eta haiekin espekulatzearen» ardura dutela esan dute mugimendu feministatik.
Honenbestez, eta gaurko mobilizazioetan nabarmendu dutenez, kolapso sistemikoaren testuinguruan zaintzaz hitz egitea, erresistentzia feministak, antikapitalistak eta dekolonialak bultzatzea da: «Zaintzaz aritzea, gorputzen, lurraldeen eta herrien arteko interdependentzia loturak jostea eta saretzea da. Egungo zaintza sistema eraldatzea, emakumeok bizi dugun indarkeriaren ardatz nagusietako bat kolpatzea da».
Bestalde, Euskal Herriko mugimendu feministak «zaintza eskubide unibertsalaren alde» prozesu bat abiatuko du, eta greba orokor batera deitzeko asmoa iragarri du.