Komikigileen egonaldiak izango dira Amasa-Villabonan eta Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 8a, 07:58
Argazkia: udalbiltza.eus

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekarekin egingo dute egonaldia Eñaut Aiartzaguena eta Unai Gaztelumendik.

Aurreko edizioak izandako arrakastaren ostean, Udalbiltzak bigarren aldiz antolatu du Geuretik Sortuak programa, eta jada baditu aurtengo parte hartzaileak. Euskaraz sortutako literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkia sustatzea du helburu proiektuak. Horretarako, artista bakoitzarentzat sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu dituzte Euskal Herri osoko 39 udalerritan.

Iazko urrian zabaldu zuten deialdia, eta 60 proposamen jaso zituzten guztira. Aurreko edizioan bezala, bi urte iraungo du aurtengoak ere: 2023an sormen egonaldiak egingo dituzte, hiru astera bitartekoak.

Horretarako, guztira 39 udalerri eta beste hainbeste sortzaile hautatu dituzte: hamar idazle, lau zinemagile, hiru antzerki konpainia eta bost komikilari. Azken hori berritasun moduan txertatzea erabaki dute. Hala, aurtengo edizioan komikigileak ere protagonista izango dira. Euskal kulturgintzako izen ezagunak dira horietako batzuk; izen berriak edota horren ezagunak ez direnak, beste batzuk.

Iazko edizioan Maitane Perez aktore eta idazle iruindarrak Amasa-Villabonan egonaldia egin ostean, aurtengo edizioan ere parte hartzea erabaki du udalak, eta ekimenarekin bat egingo du Berastegiko Udalak ere. Hala, Udalbiltzak jakinarazi duenez, Eñaut Aiartzaguena komikigile iurretarrak Amasa-Villabonan egingo du egonaldia, eta Unai Gaztelumendi marrazkilari añorgarrak, berriz, Berastegin.

2024an sortutako lanak erakusteko zirkuitu bat osatuko du Udalbiltzak. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira egonaldiak egin diren herrietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!