Bilboko baraualdiarekin bat egin dute Tolosaldeko pentsiodunek

Ataria 2023ko mar. 6a, 15:00

Tolosaldeko pentsiodunen mugimenduko kideek bi astez behin Tolosan egiten duten elkarretaratzea baliatu dute diskriminaziorik gabeko mundu bat nahi dutela aldarrikatzeko. Batetik, martxoaren 8ko Emakume Langileen Egunari lotuta zaintza sistema aldatzeko beharra nabarmendu dute eta bestetik, pentsiodunen Euskal Herriko mugimenduak Bilbon martxoaren 13tik 18ra egingo duen baraualdiarekin bat egiten dutela esan dute.

Gaur egun, pentsiodun askok jasotzen dituzten pentsioak «eskasak» direla eta jatea erosteko arazoak dituztela adierazi dute elkarretaratzean. Gauzak horrela, pentsiodunen mugimenduak deituta Bilbon astelehenean hasi eta martxoak 18ra arte iraungo duen baraualdian parte hartuko dutela iragarri dute. Egunean Euskal Herriko 30 pentsiodun izango dira baraua egingo dutenak eta elkarren artean txandakatzen joango dira martxoaren 18ra arte, tartean Tolosaldekoak ere izango dira. 150 pentsiodunetik gora prest agertu dira baraua egin eta errealitate hori bizi duten pentsiodunei babesa emateko. Azken egunean, Bilbon, manifestazioa egingo dute eta bertaratzeko autobusak jarriko dituztela esan dute gaur, Tolosan. Txartelak Tolosako hiru tabernatan egongo dira eskuragarri: Orbela, Asteasuarra eta 3 tabernan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari pentsio duinen aldeko eskaera egin diete. Batez ere, jatekoa erosteko arazoak dituzten pentsiodunentzat 1.080 euroko oinarrizko pentsioa berehala ezartzea eskatu dute.

Martxoaren 8aren atarian beste aldarrikapen bat ere egin dute. Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi izan dute diskriminazioaren eta genero-indarkerien aurkako borrokan. Mugimendu feministarekin batera, pertsona guztiek zainduak izateko eskubidea dutela, eta zainketa lanak partekatua izan behar duela aldarrikatu dute. Pertsona guztiek, duintasunez zainduak izateko eskubidea izango duten sistema bat nahi dute, non emakumeek eta gizonezkoek zaintzeko aukera izango duten. «Zaintzak ezin dira ikusezin bihurtzen edo gutxiesten jarraitu, eta erakundeek kontuan hartu eta duintasunez artatu behar dituzte, pertsonak zaindu gabe ez baitago bizirik».

Karmen Eizmendi izan dute gogoan

Joan den otsailaren 14an, Karmen Eizmendi zendu zen, eta gaurko elkarretaratzean gogoan izan dute Tolosaldeko pentsiodunek. Eizmendik, azken bost urteetan astero-astero pentsiodunen taldeak egindako bilera, antolaketa, manifestazio, elkarretaratze, eta hainbat ekintzatan parte hartu zuen. «Beti irribarre goxo batekin laguntzeko prest» zegoela gogoratu dute, eta urte hauetan egindako lanagatik eskerrak eman dizkiote.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!