Larrartek eta Arrillagak finalerdia Aldai eta Mendizabalen aurka jokatuko dute

Ataria 2023ko martxoaren 7a

Master Laboral Kutxako binakako txapelketaren ligaxka amaituta, pilota mistoko elite mailakoen finalerdiak zehaztu dira. Asteasun jokatu zen azken jardunaldia, eta bertan, lehen mailan, Zabala lizartzarrak bere partida irabazi zuen Etxegarairekin batera.

Miren Larrarte bidaniarra eta Arrillaga hirugarren postuan geratu dira ligaxkan, asteburuan 22-16 galdu ondoren Aldai eta Mendizabalen aurka. Hain justu beraien aurka jokatuko dute finalerdia, bigarren geratu baitira. Partida hori Laudion jokatuko da, igande honetan, 12:00etan hasiko den jaialdian.

Elite mailako beste finalerdia Arrizabalaga-Capellan eta Garai-Gaminde bikoek jokatuko dute. Arrizabalaga-Capellan geratu dira lehenengo postuan sailkapenean, eta Asteasuko jardunaldian 8-22 irabazi zieten Aldai eta Mendizabali.

Pilota mistoko lehen mailakoan, Irati Zabala lizartzarrak bere partida irabazi zuen Asteasuko jardunaldian, Etxegarairekin batera 16-22 gailenduz Beitia-Anitua bikoari. Oraindik ez dira lehen mailako ligaxkaren partida guztiak jokatu, eta, beraz, finalerdiak zehaztu gabe daude oraindik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!