LAB sindikatuak ordezkaritza handitu du Tolosaldean

Ataria 2023ko martxoaren 6a

Martxoaren 1ean, Buruntza-Goierriko LABeko delegatuen eskualdeko batzarra burutu zuten Legorretan. Bertan, datozen hilabetetarako jasota dituzten plangintzen gai nagusiak kokatzeaz gain, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoko urte amaierako datuak partekatzeko probestu zuten.

Batzarrean, Buruntza-Goierri eskualdeko epealdi trinkoko urte amaierako datuak emateaz gain, azpi-eskualdeka ere aztertu zituzten, horien artean Tolosaldekoak. Urte amaierako itxiera datuak oso garrantzitsuak izan ohi dira sindikatuentzat. Data horretako delegatu kopuruen arabera finkatzen baitira sindikatuen ordezkaritza portzentaiak.

Horiek horrela, Tolosaldean 158 delegatu eta %44,63ko ordezkaritza izatetik, 176 delegatu eta %49,03ko ordezkaritza izatera igaro da. Hau da, %4,40ko igoera izan du, eta LABek esan du «lehen indarra izateari eutsi ez ezik, igoera esanguratsua» izan duela.

Buruntza-Goierri eskualdeko datuak bere osotasunean hartuta, LAB sindikatuaren emaitzak «oso onak» izaten ari direla esan du. Izan ere, 493 delegaturekin %30,36ko ordezkaritza edukitzetik, 556 delegatu eta %38,64ko ordezkaritza izatera igaro dira, %8ko igoerarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!