Ibilbideari Landaola saria eman diote Oihan Txikiri

Ataria 2023ko mar. 3a, 16:18

Berastegin egin dute Landaola sarien ekitaldia, eta 80. hamarkada amaieran sortu zen Orexako Oihan Txiki artzantza eta gaztagintza kooperatibak jaso du Urteetako Ibilbideari saria.

Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Gipuzkoako sei Landa Garapen Elkartek osatzen duten Landaola Federazioak VI. Landaola Sariak banatu ditu gaur. Berastegin, estreinatu berri duten udaletxeko ganbara berrituan egin dute sari emate ekitaldia, eta lau sari banatu dituzte. Horietako bat, eskualdean bertan geratu da, Orexan hain justu, Oihan Txiki kooperatibak jaso baitu Urteetako Ibilbideari saria.

Beñat Leunda kooperatibako kideak jaso du saria, eta hastapenetan proiektuaren alde egin zutenak izan ditu gogoan. Hasieratik herri proiektu bat izan zela nabarmendu du, eta horregatik, saria orexar guztiena dela esan du. Proiektua hasi zutenean herriko alkate zen bere osaba ere gogoratu du «proiektuari emandako bultzadagatik», eta baita egungo Orexako alkate den Eneko Maioz ere «eman duen babesagatik». Gaur egun kooperatibak, hamar laguneko lan taldea eta 1.500 ardi inguruko artaldea du, bere produktuen artean latxa ardiaren esne gordinez egindako Idiazabal Jatorri Deiturako gaztak, gazta urdina eta Otzara aurki ditzakegu. Leundak aurreratu duenez, gaztandegi berria egiteko proiektua dute, eta horretarako erakundeen babesa eskatu du. 

Erakunde Pribatuaren saria Erbel Erle Beltz Hazleen Elkarteak eskuratu du. 2018an sortu zen Euskal Herriko zenbait erlezainen eskutik, Erbelen egoitza Zaldibiko Goizane eraikinean dago eta egun 45 bazkide inguruk osatzen dute.

Erakunde Publikoaren saria Zumarragako Udalarentzat izan da, Zumarragako Azokarengatik. Bertako produktua, kultura, balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituen larunbateroko topagunea dela nabarmendu dute. Arlo horretan zegoen hautagaien artean Amezketako Udala, Pello Zabala Gunearekin, baina, azkenean ez du saria lortu.

Emakumeak Landa Eremuan saria, berriz, Errezilgo Azokarentzat izan da. 1994.urtean Errezilgo bost emakumek sortu zuten Errezilgo Azoka. Errezil sagarrari aterabidea emateko sagar alea saltzen hasi ziren baina berehala balio erantsia eman beharra ikusi zuten. Konpotak, marmeladak, menbrilloa, sasoiko babarrunak, hurrak eta gaztak dira Errezilgo Azokak ekoiztu, elaboratu eta saltzen dituen produktuak. Begoña Galarraga bidaniarra sortzaileetakoa da, eta berak jaso du saria ekitaldian.

Landaola sarien seigarren edizioko sari emate ekitaldia Berastegiko udaletxean egin dute, estreinatu berri duten ganbaran, hain zuzen. Amaia Azkue bertako alkateak azaldu duenez, hamar urte behar izan dituzte eraikin osoa zaharberritzeko. Garai batean espetxea, kontzejua, ikastetxea edota udaletxea izandakoa dela eraikina gogoratu du, eta esan du egun herriarentzat «ezinbestekoak» diren hainbat funtzio betetzen dituela, hala nola, udal zerbitzuak, mediku kontsulta edota elkarteentzat egoitza. «Udalaren diruaz gain, ezinbestekoa izan da erakunde desberdinen laguntza, eta horregatik, elkarlanean gauza desberdinak egin daitezkeenaren adibide da udaletxea». Ekitaldian hautagaietako ordezkariak, Landaolako, landa garapen agentzietako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan dira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!