M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2023

Eskualde mailako Topaketa Feminista egingo dute larunbatean

Ataria 2023ko martxoaren 2a

Tolosaldeko zaintza sistemak alor ezberdinetan duen eraginaz mintzatzeko jardunaldia prestatu du, larunbaterako, Tolosaldeko Mugimendu Feministak.

Tolosaldeko Mugimendu Feminista motorrak berotzen ari da Martxoaren 8rako. Zaintza sistema eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekingo diote. Horren abiapuntua larunbat honetan ezarriko dute, Eskualdeko Topaketa Feministarekin.  

Larunbatean, Denon bizitzaz erdigunean mahai ingurua antolatu dute, 17:00etan, Tolosako kultur etxean. «Eskualdean dugun zaintza sistemak alor desberdinetan nola eragiten digun mahaigaineratzeko solasaldia izango da eta bertan ditugun borroka desberdinak azpimarratuko dira», esan dute antolatzaileek. Hizlariak honakoak izango dira: etxeko zaintzaile profesionala den Sandra Ruiz de Castellon, Oneka euskal emakume pentsionisten taldeko Nekane Berriotxoa eta Uzturre zahar egoitzako eta Asuncion Klinikako langileak. 

Ondoren, 19:00etan, Lurgatz Talde Feministak koaderno zuria pasako dio Tolosako Asanblada Feministari eta argazki bateratua aterako dute Tolosako Trianguloa plazan. Topaketarekin amaitzeko poteo feminista egingo dute. 
Era berean, larunbaterako, Anoetako Mugimendu Feministak herrian bertan girotu nahi izan du eguna, arratsaldean Tolosan egingo diren topaketetan parte hartzeko gero. 10:00etan, herria apaintzeko deialdia egin dute.  11:00etan, zaintzari buruzko kafe tertulia izango dute eragileen lokalean, eta ondoren, 14:00etan, bazkaltzeko elkartuko dira Anoetako Alkartasuna jatetxean. Izen ematea Arkupe tabernan edota liburutegian egin beharko da.  

Zaintzaren gaia erdira

Pandemia garaian aktibatu zuen zaintzaren gaia lantzeko prozesua Tolosaldeko Mugimendu Feministak. 2022ko otsailean, Gasteizen egin zuten topaketa Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasteko. Eta hortik aurrerako prozesua elkarrekin marrazten ari direla diote, herrialdeka. Horregatik abiatu dute zaintza sistema eraldatzeko mobilizazio prozesua. 

Behin larunbateko topaketa feministak pasata, Martxoaren 8ari begira jarriko dira. Tolosaldeko Mugimendu Feministak hainbat deialdi bildu ditu egun horren harira mobilizazioak egiteko. Besteak beste, Anoetan, Iruran, Altzon, Villabonan eta Tolosan izango dira. 

Martxoaren 8ko deialdiak

  • Anoeta eta Irura. Bi herrietako plazetatik abiatuta, manifestazioa zubira, 19:00etan.
  • Altzo. Denon bizitzak erdigunean lemapean elkarretaratzea plazan, 18:00etan.
  • Villabona. Errebote plazatik abiatuta Zizurkilera manifestazioa, 19:00etan. 
  • Tolosa. Manifestazioa, 19:00etan, Triangulotik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!