Klima aldaketa izan dute hizpide

Ataria 2023ko otsailaren 27a

Orixe BHIko 40 ikasle, trukea egiten ari diren Flandriako hainbat ikaslerekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Gunearen ikasgela didaktikoan izan dira gaur, Generation Z & Climate Change programaren barruan.

Generation Z & Climate Change, Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatutako sentsibilizazio programa bat da, eta belaunaldi gazteenen eta administrazioen artean klima aldaketaren inguruko topaguneak sortzea du helburu. Gaur Orixe BHIko 40 ikasle eta Flandriatik trukea egiten ari diren hainbat gazte bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Gipuzkoako Ingurumen Gunea eta bertan Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin bildu dira. Ingurumen sailak esan duenez klima aldaketaren arazoa aztertu dute eta planetaren ingurumen erronka nagusietako bati aurre egiteko dituzten ideia eta proposamenak eman dituzte. Gaurko izan da hain justu, ikasgela didaktikora egindako lehen bisita ofiziala.

Asensiok esan du horrelako programak oso garrantzitsuak direla «esperientziak partekatzeko» eta «gazteenen kezkak ezagutzeko». «Z belaunaldia klima aldaketarekin kezkatuen dagoen belaunaldietako bat da, eta askok erabakitzen dute jasangarritasunarekin lotutako ikasketak egitea», gaineratu du. Esan du era berean, ikasgela didaktikoa gizarte osoari dagoela zuzenduta, eta mota guztietako kolektiboek instalazioak bisitatzeko aukera izango dutela, hala nola, ikastetxeek, elkarteek, sektoreari lotuta dauden profesionalek, unibertsitateek edota hainbat erakundek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!