2 milioi euro, turismoari lotutako 17 proiektu garatzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ots. 27a, 16:00

Datozen hiru urteetan luzatuko den Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana aurkeztu du Tolosaldea Garatzen garapen agentziak. Lau ardatz ditu eta nabarmendu dutenez, «eskualdearen izaera islatzen du».

Tolosaldeak 2 milioi euroko diru laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetatik, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planeko proiektuak garatzeko.

Lurralde plan horren eskualdeko mailako homonimoa da Tolosaldea Garatzen garapen agentziak osatu duen Tolosaldeko Jasangarritasun Turistikoaren Plana, eta bertan biltzen dira eskualde osoan barrena garatuko diren proiektu turistikoak. Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Zizurkilgo alkateak adierazi du «elkarlanean» osatu dutela plan honen bide-orria, «erakunde publiko, sektoreko eragile pribatu eta beste hainbat norbanakoren arteko parte-hartze prozesu batean finkatu direlako proiektu eta ideia nagusiak, 2021ean egindako Tolosaldeko Marketin Plaza oinarri izanda».

Plan horrek helburu du Tolosaldea turismo jasangarriko helmuga turistiko gisa indartzea eta Euskadik zentzu horretan duen posizionamenduan laguntzea. «Eskualdeko ondare eta natura baliabideak modu jasangarrian aintzat hartuta egin nahi da hori, eskaintza hori Euskadiko sistema turistikoan hobeto integratzeko, eta modu horretara, turismoa desestazionalizatzen, deskontzentratzen eta errenta turistikoa banatzen laguntzeko», esan du lehendakariak.

Proiektuak
  • Trantsizio berde eta jasangarria. Aurrekontua: 338.750 euro.
    • Fagus-Alkizaren leku aldaketa: Hernio-Gazumeko Interpretazio Zentroa Alkizako udaletxeko ganbaran dago egun. Alkizako Udalak plazako Erretore Etxea erosi du eta bertan kokatuko da zentro berria, zerbitzu gehiagoren artean. Tresna digitalen bidez ere eskaintza osatu nahi da.
    • Pello Zabala gunea: Aralarko Parke Naturalaren Interpretazioaren atalean sakondu nahi da tresna digitalen bidez, berez guztiontzat irisgarria ez den Arritzagako bailara zoragarria bisitari guztiei gerturatu eta Ierabizkar errotaren bisita aberasteko.
    • Biodibertsitatea: Erosioaren aurkako neurriak hartuko dira, oinezko eta BTT ibilbideetan, natura guneak babesteko. Horrez gain, mendi ibilbideen inguruetan berreskuratu daitezkeen hezeguneak, basoak edo fauna eta floraren habitatak aztertuko dira.
  • Energia eraginkortasuna. Aurrekontua: 622.000 euro.
    • Bide-sarea: Gaur egungo bide eta eskaintzaren diagnosia egingo da, eta horiek hobetzeko ekintzak zehaztu: mendi bideen sarea, bide berdeak, BTT ibilbideak, atsedenlekuak...
    • Mugikortasun turistikoaren azterketa: Auto pilaketak ematen diren eremuetan irtenbideak lantzea, autokarabana guneak sortzea, ibilgailu elektrikoen karga guneak jartzea, oinez mugitzeko erraztasunak ematea, bizikleta sistemak, etab. dira azterketa horretan jorratuko diren puntuak, irtenbideak martxan jartzeko.

  • Trantsizio digitala. Aurrekontua: 246.775 euro.
    • Tolosaldea.eus webgunea: Eskualdeko webgune turistikoaren garapenarekin jarraitzea da asmoa, hobekuntza gehiago txertatuz. Online publizitate, euskarri eta ikus-entzunezkoetan ere sakondu nahi da. Errealitate birtuala eta entzute aktiboaren jarraipenerako tresnak ere ezarriko dira.
  • Lehiakortasuna. Aurrekontua: 772.500 euro.
    • Muskerraren bidea: Bernardo Atxaga idazlearen mundu literarioan oinarrituta, Asteasun kokaturiko ibilbide hau dinamizatzeko helburuarekin, helburuko publiko ezberdinetara bideratzeko ekintza berriak proposatu nahi dira.
    • Saseta Interpretazio Zentroa: Espainiako Gerra Zibilean Andatza mendilerroan sortutako Saseta defentsa-sistemaren inguruko Interpretazio Zentroa sortu nahi da, Zizurkilgo Plaza Etxeberri eraikinean.
    • Larraulgo ekomuseoa: Eskualdeko landa-ingurunearen azken hamarkadetako eraldaketa du aztergai museoak. Hobekuntzak txertatu nahi dira, esaterako, bisita autogidatua egiteko aukera ezarriz.
    • Kutxidazu bidea Ixabel: 1990eko hamarkadan argitaratutako umorezko eleberrian oinarrituta, ibilbidea garatu nahi da Hernialde eta Alkizako lurretan barrena. Tolosaldeak berebiziko garrantzia izan du euskararen irakaspenean, batik bat, landa-eremuko baserriek. Zentzu horretan, euskaldun berrien bizipenetan landa eremuak izan duen papera balioan jarri nahi da.
    • Irisgarritasuna eta seinaleztapena: Eskualdeko baliabide turistikoen inbentarioa osatu nahi da, irisgarritasuna eta seinaleztapena kontutan hartuz. MICE edo aisialdiko segmentuan sar daitezkeenak ere aztertu nahi dira. Bestalde, Tolosako Plaza Zaharrean kokatuta dagoen eskualde mailako turismo bulegoa irisgarriagoa egiteko ekintzak burutu nahi dira. Turismo baliabideen seinaleztapena ere hobetu nahi da, azken finean, hauetara iristeko erraztasunak eman nahi zaizkio bisitariari.
    • Larraitz: Txindokiko Itzala Zuhaitz parkea berritu nahi da, eta Txindokiko Mariren figura indartzeko ekintzak gauzatu. Horrez gain, ondoan kokatuta dagoen Trail estazioko ibilbideak eta harrera-gunea hobetu nahi dira, korrikalariei dutxa, komun eta takila zerbitzua eskainiz.
    • Tokiko produktuak:
      • Taloa eta mondejua: Garai bateko erroten funtzionamenduarekin eta artzaintzaren tradizioarekin lotuta, bi produktu horien inguruko xehetasunak ezagutzeko eta ekoizpen moduetara gerturatzeko esperientzia gastronomikoak diseinatu eta sortu nahi dira.
      • Orexako produktuak: Oihan-Txiki Kooperatibaren ustiategia bisitatzeko harrera-zentroa sortu nahi da, eta Orexako elikagaien salmenta, dastatze eta erakusketa gunea jarri nahi dira bertan.
      • Adunako sagardoa: Aduna sagardogintzari lotutako herria da, sagar ekoizle hainbat izateaz gain, bi sagardotegi ere badituelako. Garrantzia hori balioan jarriko duten esperientzia gastronomikoak diseinatu eta sortu nahi dira.
      • Tolosako produktuak: Tolosako gozogintza eta Tolosako Babarruna balioan jarriko duten esperientzia gastronomikoak diseinatu eta sortu nahi dira. Tolosako Azokaren dinamizaziorako bisitariei begirako ekintzak antolatzea ere aurreikusten da.

Aurrekontuaren erdia, ekintza jasangarrietarako

«Eskualdearen izaera islatzen duen plana da, proiektu txiki askok osatzen baitute», adierazi du Urruzolak. «Herri ekimenei erantzuten diete askok eta Europak lehenetsitako trantsizio berde eta energia eraginkortasunari besteek», gaineratu du.

Hain zuzen, beharrezkoa zen proiektuen aurrekontuaren %35a gutxienez trantsizio berdea, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa edota elektromugikortasuna sustatzen duten ekintzetara bideratzea. Olatz Peon garapen agentziako lehendakariordeak eta Tolosako alkateak zehaztu duenez, ordea, Tolosaldeko planak, «%35a beharrean, aurrekontuaren %48a bideratu du gisa honetako ekintzetara».

Gauzak horrela, lau lan ildo nagusitara egokitu dira proiektuak: jasangarritasuna, energia eraginkortasuna, trantsizio digitala eta lehiakortasuna. Guztira, 17 proiektu gauzatuko dituzte datozen hiru urteetan. Proiektu hauen garapen eta kudeaketa garapen agentziarentzat eta eskualdeko udalentzat «erronka bat» izango dela aitortu du Urruzolak: «Ezohiko diru laguntza eta jarduerak direnez, guztion inplikazioa beharrezkoa izango da. Baina ziur nago orain arte elkarlanean aritzeko erakutsi dugun gaitasunari jarraipena emango zaiola».

Halaber, 2022ko eskualdeko turismo datuen berri eman du Peonek. Iaz, %8ko igoera izan zuen eskualdeko ostatuen okupazioak eta 10.000 bisitari inguru gerturatu ziren Tolosako Plaza Zaharreko turismo bulegora. Tolosako alkateak, baina, 2026an jarri nahi izan du begirada: «Tolosaldeak eskaintza zabal eta erakargarriagoa izatea lortuko du Euskadiko barnealdera etortzen diren turisten motibazioei hobeto erantzuteko; gastronomia, natura eta abentura, eta kultura. Tolosaldea aukera-gune bihurtu nahi da, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko eta lan-aukerak sortzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!