Binakako Pilota Txapelketako hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatu da asteburuan, eta bikote guztien patua finkaturik geratu da. Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak porrot mingarria jaso dute Labriten: Irribarria eta Rezustak 22-10 irabazi diete asteburuan, eta bosgarren postuan amaitu dute lehenengo fasea 6 punturekin. Gauzak horrela, datorren asteburuan bi partida jokatu eta irabazi beharko dituzte finalerdietara sailkatu nahi badute tolosarrak eta Mariezkurrenak.
Jakak eta Arangurenek laugarren puntua eskuratu dute asteburuan. Elordi eta Zabaleta, txapelketako liderrei irabazi diete 22-18, eta nahiz eta txapelketa azken postuan amaitu, azken bi partidak irabazita sentsazio onekin amaitu dute txapelketa. Altuna III.ak eta Tolosak 10. puntua eskuratu dute asteburuan Larrazabal-Albisu bikotea 22-19 menderatuta. Tolosaldeko bikoteak asteburu bat izango du orain deskantsatzeko, zuzenean sailkatu baitira finalerdietara.
Hurrengo jardunaldian, kanporaketetako partidak jokatuko dira ostiralean, 3-4 eta 5-6 postuetan geratu diren bikoteen artean. 3 eta 4 postuetan geratu diren bikoteen arteko partida irabazten duena, zuzenean finalerdietara sailkatuko da. Partida horretako galtzaileak, aldiz, beste aukera bat izango du igandean 5-6 postuetako bikoteen arteko lehian irabazten duen bikotearen aurka.
- Martxoak 3, ostirala, Amorebietan, Laso-Imaz vs P.Etxeberria-Rezusta
- Martxoak 3, ostirala, Zumaian, Peña II-Mariezkurrena II vs Urrutikoetxea-Albisu
- Martxoak 5, igandea, Bilbon, 3-4 galtzaileak vs 5-6 irabazleak
Promozio mailan, Iztueta finalerdietako txartelaren bila
Promozio mailan ere amaitu da txapelketako lehenengo fasea, eta Martxel Iztueta pilotari tolosarra kanporaketetako partida jokatzeko sailkatu da. Asteburuan Labriten, Dario eta Erostarbe bikoteari 22-21 irabazi diete eta horri esker sailkapenean 4. postuan amaitzea lortu dute Agirrek eta Iztuetak 7 punturekin.
Lehen Mailako txapelketan ez bezala, Promozio mailan, kanporaketako partida irabazita zuzenean finalerdietara sailkatuko dira bikote garaileak. Kanporaketetako parekatzeak modu honetara izango dira: txapelketan 3. amaitu duen bikoteak 6.aren aurka jokatu du, eta 4. amaitu duen bikoteak 5. amaitu duen bikotearen aurka jokatuko du. Partida hauetako bi garaileak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean.
Kanporaketak horrela izango dira:
- Martxoak 4, larunbata, Iruñean, Agirre-Iztueta vs Zabala-Gaskue
- Martxoak 4, larunbata, Iruñean, Bakaikoa-Morgaetxebarria vs Exposito-Bikuña