Pello Zabala gunea VI. Landaola Sarien hautagaien artean

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 24a, 17:00
Pello Zabala gunea

Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak VI. Landaola Sariak antolatu ditu. Sari emate ekitaldia lehenengo aldiz Tolosaldeko herri batean izango da, Berastegin hain zuzen ere, eta hautagaien artean, Amezketako Pello Zabala gunea izango da.

Landaola, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da. Sari emate ekitaldia, ostirala, martxoak 3, 12:00etan ospatuko da, Berastegiko udaletxean, eta lau dira emango diren sariak:

  • Erakunde Pribatuaren Landaola Saria.
  • Erakunde Publikoaren Landaola Saria.
  • Emakumeak Landa Eremuan Landaola Saria.
  • Urteetako ibilbideari Landaola Saria.

Erakunde Publikoaren Landaola Sarien hautagaien artean; Amezketako Pello Zabala gunea izango da. Pello Zabala gunea Amezketako ondare kultural eta naturala biltzen duen zentroa da. Azken urteetan, gainbeheran zegoen Ieraregibizkar errotaren eraberritze lanak burutu eta etxebizitza zen aldean, Amezketako ondare naturala eta kulturala ezagutzera emateko zentroa jarri da. Bi solairutan banatuta dago Pello Zabala gunea, lehenengo solairuak kultura eta folklorea ditu ardatz eta bigarrenak natura. Aralar, Arritzagako glaziar harana, Zazpiturri iturburua, Amezketako argizaiolak edo Fernando Amezketarrari buruzko informazio interesgarria aurkitu daiteke bertan. Egun, bisitarientzat harrera gune da eta ikastaldeei, helduen talde antolatuei, familiei eta norbanakoei zuzendutako eskaintza aberatsa du. Errota martxan ikusteko aukera, erakusketak, bisita gidatuak, talo tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, etab. eskaintzen ditu Amezketako ondarea jasotzen duen gune honek.

Erakunde publikoaren sarian, beste izendatuak:

  • Hondarribiko Udala
  • Zubillaga Hiltegia
  • Eibarko Udala
  • Zumarragako Udala 
  • Zarauzko Udala

Sariak emateko garaian, honako alderdiak kontuan hartu dituzte: proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak; proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanleria eta sortutako lanpostu kopurua; duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.

Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan Saria egunean bertan adieraziko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!