Larunbateko manifestazioetan parte hartzea eskatu diete herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 23a, 07:59

TOPA-k bat egin du zenbait sindikatuk etzi EAE-ko hiru hiriburuetan egingo dituzten manifestazio deialdiekin.

SAITSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioak deitu dituzte etzi, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 12:00etan hasita, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak ere bat egin du larunbaterako egindako manifestazio deialdiarekin. Bilbon Jesusen Bihotzaren plazatik abiatuko da manifestazioa; Donostian, Boulevardetik; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik. «Langileei, herritarrei eta gizarte- eta herri-mugimenduei dei egiten diegu guztion osasungintza defendatzeko mobilizatzera», esan dute.

Sindikatuek gogora ekarri dute, duela aste batzuk, lehendakariak esan zuela Osakidetzan «arazoak eta zailtasunak» daudela, eta aldi berean, osasun-sistema publikoa «Jaurlaritzaren lehentasunetako bat» izango dela. «Nolanahi ere, ukatu egin zuen, Sagardui sailburuarekin batera, Osakidetzan murrizketak eta pribatizazioak egiten ari direla edo hura desegiten ari direla», adierazi dute.

Sindikatuentzat errealitatea «bakarra» da: «Lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen du. Behin-behinekotasun-tasa %50etik gorakoa da eta hamarkada batean %20tik gorakoa izan da erosahalmen-galera». Aldi berean, murrizketek aurrera jarraitzen dutela salatu dute: «Hortxe ditugu, besteak beste, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PAC-etan egindakoak, Santiago Ospitaleko larrialdietan egindakoak edo Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektua».

Horrez gain, oporraldietan lehen mailako arretan izaten diren murrizketak «etengabeak» direla nabarmendu dute. «Azpimarratu behar da bereziki prekarioa dela lehen mailako arretaren egoera. Gogoan izan behar dugu kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Egoerak okerrera baino ez du egin azken hiru urte hauetan. Egiturazko arazoak dira eta Osakidetzako kategoria guztiei, asistentzia-maila guztiei eta hiru lurraldeei eragiten diete».

Bien bitartean, mahai sektoriala «erabat blokeatuta» dagoela adierazi dute. «Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu. Osasun Sailak gure osasun publikoa eraisteko bidean sakontzen duten erabakiak hartzen jarraitzen du. 2023ko ekitaldirako, osasun arlora bideratutako aurrekontua 2022an benetan gastatutakoa baino 20 milioi euro txikiagoa da».

Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza «eskuratzeko gero eta zailagoa kalitate txarragoa duena» dela gaineratu dute. «Lehen mailako arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak, eta horrek gero eta egoera delikatuagoan jartzen ditu kolektibo kalteberak. Osakidetza desegitearen ondorioetako bat da, zalantzarik gabe, osasun-aseguru pribatuen kontratazioak gora egin izana: Bizkaian, esaterako, hiru herritarretatik batek kontratatu du halakoren bat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!