Gure Plaza Txo! proiektua garatuko dute eskualdeko 9 herritan

Ataria 2023ko ots. 18a, 16:21

Gure Plaza Txo! proiektuaren aurkezpena.

Gure Plaza Txo! Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.000 biztanletik beherako herrietan egingo duen proiektu esperimentala da. Helburua da haur eta nerabeen arteko jarduerak sustatzea eta beren arteko harremanak sendotzea.

Gipuzkoako 10 herritan garatuko dute proiektua eta horietako bederatzi eskualdean daude; Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartza. Eskualdetik kanpoko hamargarren herria Aizarnazabal da.

Maria Jose Telleria Kultura eta Gazteriako diputatuak esan du proiektu honekin lurraldeko herri txikietako haur eta nerabeei begirako zerbitzu bat sortu nahi dutela, eta ekimen pilotu honekin udalerrien arteko lurralde-oreka bilatzen dutela. «Lurraldeko udalerri guztietara iritsi nahi dugu, eta guztiek beharrezko baliabideak izatea haur eta nerabeei aisialdi hezitzailerako eskubidea bermatzeko. Herri txiki horietako neska-mutilek beren udalerrietan errotu daitezen nahi dugu, komunitateko partaide izatearen sentimendua sustatu nahi dugu. Hurbileko zerbitzuak eskaintzea, beste herri batzuetara aisialdiaz gozatzera joan beharik izan ez dezaten».

Proiektu pilotu honetarako aldundiko bi gizarte hezitzaile daude, eta horietako bakoitza bost udalerritako erreferentea izango da. Herri bakoitzean egingo dute lan, eta programak bi urteko iraupena izango du. «Denbora hori jo da egokitzat probatzeko proposatutako lan metodologia, kontratatuko pertsonen ordutegia eta egutegia, jarritako baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak, eta hamar herritara iritsi eta ikusteko nerabeekin hasitako hezkuntza lanaren lehen emaitzak».

Gure Plaza Txo!-ren lehen fasean udalek programan parte hartzeko aukera izan zuten, eta ondoren aukeratu zituzten herriak. Azaroan hezitzaile taldea kontratatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta azken hilabeteetan hezitzaileek herrietako diagnosi txiki bat egin dute, udaletako ordezkariekin eta herriko beste hainbat eragilerekin harremanetan jarri direlarik. Era berean, hezitzaileek udal arduradunekin batera, proiektuaren lerro orokorrak aurkeztu dizkiete herrietako guraso eta nerabeei. Orain zuzenean nerabeekin ari dira lanean. Hurrengo pausoak izango dira herrien artean egutegia doitzea eta zerbitzuaren herri bakoitzeko ordutegiak definitzea, proiektuaren tarteko balorazioa bat egitea eta udararako eskaintza bat diseinatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!