John Cabang «pozik», Asiako Txapelketarekin

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 15a, 11:57

John Cabang, ezkerrean, Martin de la Fuente bere entrenatzailearekin.

John Cabang atleta irurarrak Filipinetako selekzioarekin absolutu mailako pista estaliko Asiako Txapelketan parte hartu du asteburuan, Astanan, 60 metro hesietako proban. 7,96ko denbora egin zuen, parte hartzaileetan hamargarrena, eta ezin izan zuen zortzi finalisten barruan sartu bi ehunenekorengatik.

Finalera ez paseatzeagatik «pixka bat penarekin» geratu da Cabang. «Azken hesitik gaizki atera nintzen, eta irteera besteek baino beranduago egin nuen», zehaztu du, baina «pozik» dago esperientzia berri bat bizitu duelako: «Nire lehen nazioarteko lehiaketa izan da eta nahiko kontentu gaude alde horretatik».

Atleta irurarrak onartu du «nahiko urduri» zegoela, baina gozatzeko aukera ere izan zuela. «Beste esperientzia bat bizitu dut eta orain etortzen denari aurre egingo diogu», azaldu du. Hurrengo lehiaketa absolutu mailako Espainiako Txapelketa izango du. «Sentsazio onekin geratu ginen Asiako Txapelketatik, eta orain ea maila hobea emateko gai garen Espainiako Txapelketan».

KLUBEN ARTEKO ESPAINIAKO TXAPELKETA

Asteburuan, kluben arteko Espainiako Txapelketa jokatu zen Ourensen (Galizia). Atletico San Sebastian klubeko Maria Lasa irurarra 1.500 metroetako lasterketan 4. izan zen 4.38.87ko denborarekin. Taldea laugarren izan zen nesketan. Realeko Ander Martinez de Rituerto tolosarra hirugarren izan zen pertika jauzian, 5,30 metro saltatuz. Marka horrekin Gipuzkoako maila absolutuko pista estaliko errekorra berdindu zuen eta 23 urtez azpiko Europako Txapelketarako marka egin zuen. Taldea zazpigarren geratu zen mutiletan.

Ander Martinez de Rituerto, Luis Aranzabal bere entrenatzailearekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!