Talaiak eta txantxoak prest daude etxez etxe ibiltzeko

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 15a, 07:58

Amezketako talaiak larunbatean eta igandean aterako dira herriko etxeak alaitzera; Abaltzisketako txantxoak, berriz, igandean.

Egutegia gorriz markatuta dute Txindokiko magaleko bi herrietan asteburu honetarako. Abaltzisketan txantxoek eta Amezketan talaiek etxe atari guztiak bisitatuko dituzte. Abaltzisketarren kasuan, igandean aterako dira etxez etxe, eta asteburuko bi egunak baliatuko dituzte amezketarrek herriko baserri eta etxe guztiak alaitzeko.  

Ohiturak jarraitu eta hitzordua ezin galdu. Halaxe animatu dira ia 50 amezketar talai dantza egitera. Julen Otamendi dantzari amezketarrak esan duenez, ez du gogoan inoiz hainbeste jendek parte hartu izana, «ez ni atera izan naizen urteetan behintzat». Belaunaldi berriek badakarte ohiturari eusteko nahia: «Gazte mordo bat animatu dira, eta horri eskerrak; iaz berri batzuk izan genituen eta aurten ere beste batzuk izango ditugu. Jendea gogoarekin dago nonbait».

Lehendik ibiltzen direnentzat eta dantzari berrientzat gaurko jarri dute hitzordua entsegua egiteko. 19:00etan elkartuko dira, dantza ikasteko. Dantza «erraza» dela dio Otamendik, «erraz ikastekoa». 

Herriko etxe guztiak pasatzea helburu, bi taldetan banatzen dira dantzariak, txoko ezberdinetara iristeko. 07:30ean elkartzen dira elkartean, eta kafea anisarekin hartuta, 08:00ak aldera, talde bakoitzak bere bideari ekiten dio. 

Larunbatean, talde batek Amezketako baserriak pasatzen ditu, eta beste taldea Bedaiora joaten da. Igandean, berriz, kale aldera geratzen diren baserriak pasatzen ditu talde batek eta Ugarte auzotik abiatzen da beste taldea. «Goiz erdian herrigunean elkartzen gara, eta hortik aurrera, denak batera ibiltzen gara, bukatu arte». 

Jendea zain izaten dutela kontatu du amezketarrak, pozez hartzen dituztela: «Zenbait baserritara ez da jenderik iristen paseatzera ere, beraz, ilusioa egiten die». Gainera, beste zenbaitetan jatekoa eta edatekoa eskaintzen dizkiete. «Animo horrekin ibiltzen gara, baserri batzuetan urtero ematen dute zerbait, eta hara iritsi arteko bidea errazago egiten dugu mokadua buruan izanda, zenbait garaitan gosea ere izaten da eta». 

Festa giroa eta umore ona lagun, eta makilak aldean, asteburuko bi egunak dantzan pasatzeko prest dira amezketarrak.

Zuzenean dantzara

Abaltzisketan ere zortzi dantzari, mozorro pertsonaia, saskia pasatzen duena eta trikitilaria prest daude igandean etxez etxe ibiltzeko. 08:00etan suziria lehertzearekin batera hasiko dute ibilbidea eta urteroko lekuetatik barrena pasatuko direla zehaztu du Maialen Senperena trikitilariak. 

Eguna iritsi aurretik, arropak prestatzeko tartea hartzen dute: «Udaletxean izaten ditugu jasota, eta armairutik atera, mahai gainean ordenatuta jarri, bakoitzak zer jantziko duen prestatu eta igandean zuzenean janztea besterik ez zaigu geratzen». Entsegu beharrik ere ez dute izaten. «Gehienok ondo ikasita daukagu, eta dantzari berririk balego, igande goizean bertan ikasteko moduan izango da». 

Suziria lehertzean, beraz, Orendain aldeko baserrietara egingo dute lehenik, eta handik, herrira itzuliko dira berriro, «aspaldiko ohitura» delako, meza nagusitik ateratzen direnei herriko plazan dantza egitea. «10:00etan da meza, beraz, 10:45 alderako edo plazan izango gara», esan du Senperenak. Herriguneko etxeak pasako dituzte jarraian, eta Gaintza aldera geratzen diren baserriak pasata Larraitz auzora egingo dute. Han ere, ermitan meza izaten denez, dantza egingo diete ermitatik ateratzean, 13:00ak aldera. Horren ondoren, Amezketa aldeko baserriak bisitatuta amaituko dute itzulia. 

Bidean zehar, herritarrek normalean dirua ematen badute ere, Senperenak kontatu du jatekoa eta edatekoa ere eskaintzen zaizkiela, «tripa betetzeko moduan». Aurten ere badakite jendea «zain» izango dutela etxeko atarietan. «Ez daude ahaztuta igandean hor izango garela». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!