Martxa onean doaz Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeko obrak

Ataria 2023ko ots. 13a, 11:00

Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak

Azken erremateen faltan, amaitzear daude lehen faseko lanak eta bide onetik doaz atzealdeko lokala egokitzeko lanak ere. Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakumeentzako egoitza da. Bertan, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko erabiliko duten gunea izango da, emakumeen ahalduntzerako helburuarekin.

Bide onetik doaz Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak. Azken erremateen faltan, dagoeneko amaitzear daude lehen faseko lanak, aurrealdeko lokaleko obrak, alegia, eta martxa onean doaz atzealdeko lokala egokitzeko lanak ere.

Emakumeen Etxea, Mugimendu Feministaren aldarrikapen historikoa izan da eta Tolosako emakumeek aspalditik eskatutako baliabidea da. Tolosan, 2016an Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeko lehen urratsak eman ziren arren, parte-hartze prozesua 2018an hasi zen. Orduz geroztik eta pandemia tarteko izanik, bi partaidetza prozesu eraman dira aurrera emakumeekin elkarlanean, Emakumeen Etxearen ezaugarri oro adostu eta zehazteko. Guztira 105 emakumek baino gehiagok hartu dute parte parte-hartze prozesuetan.

Elkarlanean egindako aurre-lanketa prozesua amaituta, iaz hasi ziren eraikitze lanak. Urbycolan S.L. enpresa ari da lanez arduratzen, eta obrak 597.709,22 euroko aurrekontua dute. Horrez gain, hiri altzariak ere jarriko dira eremuan eta horiek 105.000€ euroko aurrekontua dute. 

Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea, Inpernu kaleko 5, 7 eta Emakumeon Plaza 1 zenbakietan kokatzen da eta guztira 600 metro karratu izango ditu etxeak. Aurrealdeko lokalak, 252 metro karratu ditu eta hainbat espazio jasoko ditu: emakumeen topalekurako egongela, berdintasun saila, zerbitzu gela, bilera gela, areto nagusia… Atzealdeko lokalak berriz, 350 metro karratu ditu eta bi solairutan banatuta dago: behe oinean balio anitzeko bost gela eta harrera egongo dira eta lehen oinean, bilera gela eta bulegoa jarriko dira. Horrez gain, oinarrizko instalazioak ere egongo dira bi lokaletan: komunak, biltegia, takilak edo armairuak taldeentzat.

Emakumeen Etxea, 16 urtetik gorako emakume orori zuzenduta dago. Bertan eskainiko dituzten zerbitzuen artean, lehentasuna izango dute; aholkularitza psikologikoak, banakakoak zein taldekoak, ahalduntzeko gune zein dinamikak eta aholkularitza juridikoak. 

Etxearen jarduerei dagokienean, etxea ezagutarazteko, harremanak eraikitzeko eta berdintasuna zein kontzientzia feminista sustatzera bideratuta dauden jarduerak antolatuko dira. Etxean bertan nahiz etxetik kanpora, Tolosan zein Tolosaldeko beste udalerrietan antolatuko dira: Emakumeen Etxeen arteko topaketak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, mahai-inguruak, jardunaldiak, monografikoak, batzarrak, jarduera ludiko eta gastronomikoak, erakusketak, kontzertuak, mendi martxak, kaleko ekintzak, ekimen solidarioak, eta maskulinitateen inguruko tailerrak besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!