Tolosaldeko 7 herritan ikusgai egongo da ‘Elbira’ dokumentala

Ataria 2023ko ots. 10a, 11:00

Abenduko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Aduna, Alegia, Alkiza, Amezketa, Asteasu, Irura eta Tolosan proiektatuko dute Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzaleari buruzko ikus-entzunezkoa.

Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko fikzio dokumentala herriz herri estreinatuko da datozen asteetan. Guztira, Gipuzkoako 36 herritan ikusgai egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana, eta Tolosaldeko: Aduna, Alegia, Alkiza, Amezketa, Asteasu, Irura eta Tolosa herrietan ere ikusgai egongo da. Hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik, Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen filma da Elbira. 

Elbira Zipitria, hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria

Iban Gonzalezek zuzendutako ‘Elbira’ dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du 65 minutuetan zehar. Gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak ditugu protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen digute filman zehar. Horiek dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.

Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat fikziozko pasarte ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.

Dokumentalaren ekoizpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada eta babesa izan du, eta proiektua ere garatzen lagundu dute  EiTBk, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK fundazioak eta Bermeo eta Donostiako udalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!