Datorren ostegunean abiatuko diren inauteriak iragartzera etorriko dira kaldereroak larunbat honetan Tolosara, eta goizetik izango da zer ikusi bertan. Tolosako dultzaineroen laguntzarekin, 10:30ean Tolosako erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira. Gernika Arbolatik aterako dira, eta Tolosako kaleetan barrena murgilduko dira.
Aiz-Orratz elkarteak hartuko du ondoren lekukoa, eta 11:45etik aurrera kalejiran ibiliko dira Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera. 12:00etan Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak Trianguloa plazan kalejirara batuko dira, eta Leidor antzokian egingo duten Haur Jaialdiari hasiera emango diote 12:30ean. Joseba Usabiagak egingo ditu aurkezle lanak. Marrazki eta mozorro lehiaketako sariak banatzeaz gain, zozketa eta hamaiketakoa ere banatuko dute denentzat. Sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai 19:00etatik 21:00ak arte Leidorreko leihatilan, eta larunbatean, berriz, 11:00etatik aurrera. Sarreraren prezioa euro batekoa izango da.
Arratsaldean, 19:00etan Urdina Txiki elkarteak urtero antolatzen duen Kaldereroen Konpartsa abiatuko da Plaza Zaharretik, eta Alde Zaharrean ibiliko dira kalejiran; Solana eta Korreo kaleak igaro ostean, Gorriti plazara iritsiko dira, eta Kale Nagusia zeharkatu ostean, berriro Plaza Zaharrera bueltatu eta bertan emango diote amaiera.
Bestetik, igandean, Tolosako Udal Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak inauterietako kontzertua eskainiko dute 12:00etan, Berdura plazan. Hodeiertz abesbatzak ere parte hartuko du bertan.
Irura eta Anoeta
Aurtengoan ere kaldereroak aurreratu egingo dira, eta ostiralean Iruran eta Anoetan izango dira. 18:00etan Irurako San Migel plazatik abiatu eta Anoetako plazara bitarteko bidea egingo dute. Kalejira bukatzerakoan merienda banatuko diete parte hartzaile guztiei.