Erretzeari uzteko doako terapia, erretzaileen eskura

Ataria 2023ko ots. 8a, 16:00

Minbiziari Aurre Gipuzkoan elkarteak erretzeari uzteko saioak eskaintzen ditu bakarka eta taldean, eta presentzialki edo 'online'; zortzi saio dira guztira.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak erretzeari uzteko terapia saioak eskaintzen ditu Tolosan, Tolosaldeko herritar guztientzat, bakarka zein taldean. Azken 30 urteetan horretan dihardu elkarteak Gipuzkoa osoan, eta Tolosan dute kokatuta egoitzetako bat, Emeterio Arrese kaleko 2. zenbakian, 8. bulegoan.

Erretzeari uzteko helburuarekin, bere buruari aukera bat eman nahi dion pertsona guztiei daude zuzenduta saioak. Adinez nagusia behar du izan eta erretzea utzi nahi izatea da eskatzen duten gauza bakarra. Saioak doakoak dira eta profesionalen eskutik eskaintzen dituzte.

Presentzialki edo online egiten dituzte saioak. Online-ko talde bat martxan da dagoeneko, baina jende gehiago animatuko balitz, talde berri bat abiatzeko prest daudela esan du Maider Sierrak Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko psikologoak.

Zortzi saio izaten dira guztira. Erretzeari uzteko prestaketa eskaintzen dute lehen hiru saioetan, eta hirugarren saiotik zortzigarrenera erorketen prebentzioa lantzen dute. Denbora gehiago eskaintzen diote erorketen prebentzioari, «denboran mantentzea zailena delako». Saioak jaso eta urtebete pasa aurretik bi jarraipen saio egiten dituzte. Urtebete horrek badu garrantzia, Sierraren ustez: «Mundu honetan lanean gabiltzanok badugu urtebetearen mugarri hori; lehen urtean erre gabe mantentzen badira, esan genezake pertsona hori ez erretzailea dela, eta urtebete betetzen denean erretzaile ohi bihurtzen da».

Prozesu horretan profesionalen laguntza izaten dute terapian parte hartzen dutenek. Sierra bera psikologoa da, masterra du tabakismoan, eta Tolosaldeko herritarrekin berak egiten du lan. Dependentzia fisikoa zein psikologikoa aztertzen eta lantzen dute. Menpekotasunari buruz hitz egiten dutenean bi menpekotasun horiek hartzen dituzte kontuan: «Menpekotasun fisikoa modu batekoa edo bestekoa izan daiteke pertsonaren arabera, baina denboran ez da oso luzea, lau edo sei aste bitartean behar izaten du gorputzak fisikoki gaitasuna menpekotasunari aurre egiteko». Konplexuenak lehen egunak direla aitortu du, gorputzak «ohitu» egin behar duelako.

Denboran mantentzen direnak ohiturak, lotura emozionalak edota harremanak direla kontatu du. «Horiek izaten dira, normalean, erretzera bueltu arazten gaituztenak; hiru bat hilabete pasa ondoren, erorketak daudenean, normalean dependentzia psikologikoari erlazionatuta izaten dira».

Kasu bakoitza «pertsonala» da, ordea: terapia taldean den arren, prozesua oso indibidual egiten saiatzen direla kontatu du Sierrak. «Taldeetan ideiak eman ditzakegu, proposamenak egiten ditugu, baina inoiz ez ditugu behartzen guztiak gauza bera egitera, momentu berdinean eta erritmo berdinean». Pertsona bakoitza «mundu bat» dela dio, eta hori errespetatzea «beharrezkoa» ikusten dute.

Terapian parte hartzen duten %60 inguruk uzten diote erretzeari. Hala jaso dituzte datuak elkartean. Emaitza «onak» dira, psikologoaren arabera: «Gauza bat da apuntatzea, eta bestea joatea; ez banaiz joaten ez da aldaketarik egongo».

Saioekin hasi aurretik elkarrizketa pertsonalizatuak izaten dituzte terapia egiteko izena ematen dutenekin. «Ze puntutan dagoen, ze behar dituen baloratzen dugu, eta ikusten dugu ea taldea den berarentzat egokiena edo bakarka egin beharko lukeen».

Erabakia hartzea

«Zeure buruari aukera ematea da askotan gehien kostatzen dena, beldurrari aurre egitea. Izan ere, beldur handia dago: Zer gertatuko zait erretzeari uzten badiot? Zeintzuk izango dira dependentzia fisikoaren eraginak? Pisua hartuko dut? Antsietatea izango dut? Bakoitzak bere buruari jartzen dizkion zailtasun handiak daude». Horri aurre egitea eta pauso hori ematea «zaila» dela aitortu du Sierrak.

Hala ere, jendea animatuta gerturatzen da, nahiz eta gero prozesuan zehar zailtasunak topatu: «Jendeak desio hori du, erretzeari uztea, baina hori lortzeko eman behar diren pausoak egiteko prest egotea zailagoa izaten da batzuetan». Prozesu horretan «bidea arintzen saiatzeko» daude Sierra eta bere lankideak.

Saioetan izena eman nahi dutenek 943 457 722 zenbakira deitu dezakete, edo Tolosako bulegora gerturatuta ere izena emateko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!