Mendiko eskiaren festa bueltan da Izaban

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 7a, 11:59

Hiru urteko hutsunearen ondoren, Bandres-Karolo Oroimenezkoa proba egingo da asteburu honetan Erronkariko mendietan.

Bueltan da Bandres-Karolren Oroimenezkoa, mendiko eskian Euskal Herrian izaten den hitzordu nagusia. Asteburu honetan (otsailak 11 eta 12) jokatuko da proba Belagoa inguruko mendietan, hiru urteko etenaldiaren ondoren. Covid-19aren pandemia eta elur falta tarteko, azken hiru urteotan ezin izan da egin proba. Aurten, ordea, mendiko eskiaren proba nagusia Erronkarira itzuliko da. Izen-emateak aspaldi osatuta eta itxita daude eta, beraz, bete-beteko festa izango dute.

Ohikoa denez, bi proba jokatuko dira asteburuan. Batetik, lineako lasterketa, eta bestetik, kronoigoera. Bakoitza zein egunetan jokatuko den eguraldi baldintzen araberakoa izaten da. Bi egunetarako eguraldi-iragarpenak onak balira, larunbatean lineako lasterketa jokatuko litzateke, eta igandean kronoigoera, baina hori, asteburua gerturatu ahala, eguraldi-iragarpen zehatzen arabera erabakiko du antolakuntzak. Bi probetan lortutako sailkapenaren baturatik aterako da probaren irabazlea. Azken edizioan, 2019koan, Igone Campos zumarragarra eta Ivan Cuesta kantabriarra izan ziren txapeldunak.

Bandres-Karolo Oroimenezkoak, gainera, hainbat txapelketa hartuko ditu. Batetik, lineako proba Euskal Herriko mendiko eskiko Koparen egutegiko proba denez, Koparako puntuagarria izango da, eta, aldi berean, Nafarroako Txapelketa ere bai. Kronoigoera, berriz, modalitate horretako Euskal Herriko Txapelketa izango da.

Egitarau betea

Mendiko jardunaren ondoren, arratsaldean festak Izabako zineman eta kaleetan jarraituko du. Antolatzaileek urtero aitortza egiten diote mendiko eskiatzaile bati edo kirol honen hedapenean lan handia egin duen norbaiti. Aurten, Jumere aita-semeek jasoko dute Bandres-Karolo Saria. Hutsik egin gabe, Wilfrid semea urtero-urtero izan da bertan, hainbatetan proba irabaziz gainera, eta aurten ere partaideen artean izango da. Aita, berriz, iraupen eskiko eskiatzaile handia izandakoa, semearen ondoan izaten da beti, laguntzen.

Zineman bertan, Eñaut Izagirre geologo eta glaziologoak Into the Ice ikus-entzunezkoa proiektatuko du. Darwin mendikatera eginiko bidaia azaltzen du. Hego Amerikako muturrean dagoen ia esploratu gabeko mendikatea da Darwin, urrunekoa eta basatia. 2022ko martxoan eta apirilean, zazpi lagunek nabigatu, eskalatu eta esploratu zuten beste inork zapaldu gabeko lurralde hori. Bertako glaziarrak klima-aldaketari nola erantzuten ari diren ikertzea eta Roncagli eta Cerro Sara mendien lehen igoera egitea ziren helburuak.

Ikus-entzunezkoaren ondoren, bertso-poteoa izango da, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin. Kirolaren ondotik, beraz, lagunartea eta festa-giroa nagusituko dira Izabako kale eta tabernetan.

Egitaraua
  • Otsailak 10, ostirala
    • 17:30. Dortsal-banaketa eta ibilbideari buruzko bilera informatiboa Izabako Hotelean.
  • Otsailak 11, larunbata
    • 9:00. Probaren irteera.
    • 12:00. Antolakuntzak eskainitako luntxa.
    • 17:00. Proiekzioa Izabako zineman: Into the Ice, Eñaut Izagirreren eskutik.
    • 18:00. Bertso-poteoa, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolariekin.
    • 19:30. Bilera informatiboa hurrengo eguneko ibilbidea azaltzeko.
  • Otsailak 12, igandea
    • 9:00. Probaren irteera.
    • 13:00. Artzain-migak frontoian, antolakuntzak eskainita.
    • 14:00. Sari banaketa ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!