June Aranburu, Espainiako txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 7a, 11:58
June Aranburu, Espainiako Txapelketa irabazi berritan

Larunbatean, esprint modalitateko Espainiako Txapelketak jokatu ziren eta 14 urtez azpiko nesken kategorian, June Aranburu Alpino Uzturre Elkarteko eskiatzailea izan zen garailea. Bestetik, Aran bailaran jokatutako Beret Martxan proban, brontzezko domina lortu zuen Alaia Juaristik.

Pasa den asteburuan, Alpino Uzturre Elkarteko iraupen eskiko eskiatzaileek Beret Martxan parte hartu zuten, Aran bailaran. Guztira, 600 eskiatzaile inguru bildu ziren bertan; horietatik 30 bat ziren eskualdekoak. «Eguraldi eta baldintza bikainekin gozatzeko aukera» izan zutela adierazi dute.

Larunbatean, esprint modalitateko Espainiako Txapelketak jokatu ziren eta 14 urtez azpiko nesken kategorian, June Aranburu izan zen garailea.

Beret Martxari dagokionez, Alpino Uzturre Elkarteko eskiatzaileek emaitza bikainak lortu zituzten. 10 kilometroko lasterketan, 176 eskiatzaile helmugaratu ziren denera, eta Tolosako taldekoek ondorengo emaitzak lortu zituzten: June Aranburu bosgarren izan zen, Nerea Cestona bederatzigarren, Laia Azpilgain hamargarren eta Inge Arin hogeita bigarren.

21 kilometroko lasterketan, nesken kategorian, 59 eskiatzaile helmugaratu ziren, eta horietatik bi izan ziren eskualdekoak. Alaia Juaristi hirugarren izan zen, brontzezko domina eskuratuz, eta Naroa Amantegi seigarren. Mutilen kategorian, berriz, helmugara heldu ziren 128 eskiatzaileetatik, Hodei Juaristi izan zen eskualdeko bakarra; zazpigarren izan zen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!