Energiaren erabilera murrizteko beharraz ohartarazi dute

Ataria 2023ko ots. 7a, 16:00

Energiaren Munduko Eguna da otsailaren 14a, eta Tolosako Ingurumen Zentroak hainbat keinu proposatu ditu norbere etxea jasangarriago egitearekin batera, energia kontsumoa murrizteko.

Energiaren Munduko Eguna ospatzen da otsailaren 14an, eta Tolosako Ingurumen Zentroak, gaiak gaur egun duen garrantzia kontuan hartuz, herritarrak energiaren erabilera murrizteko beharraz kontzientziatu nahi ditu.

Ingurumen zentrotik gogoratu dute Tolosaldeko Eskola Agenda 2030 energiaren gaia lantzen ari dela, Energia, bizitzaren motorra lelopean. Hain justu, Aduna, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo ikastetxeak ari dira parte hartzen, eta gainerakoei ere batzeko gonbita luzatu diete. 

Energia zenbakitan

Tolosako Ingurumen Zentrotik azaldutakoaren arabera, munduko biztanleriaren heren batek baino gehiagok ez du energia-forma aurreratuetarako sarbiderik, eta gutxi gorabehera 1.100 milioi pertsonak (munduko biztanleriaren %13) ez dute oinarrizko elektrizitate-zerbitzurik. Planetako 30 herrialde garatuenek, aldiz, energia-aukera horien %60 baino gehiago kontsumitzen dute egunero eta etenik gabe.

Nazioartean aurrera eramaten ari diren hainbat ekimen ere nabarmendu dituzte, Kopenhagekoa (Danimarka), esaterako. Bertan, 2025erako karbono-isurketen hiri neutral bihurtzea planteatu zen. Txilen eta Costa Rican, berriz, energia berdea ekoizten dute, energia berriztagarrien iturrien %65ekin.

Dena den, gurean ere badirela energiarekin lotutako ekimenak gogoratu dute ingurumen zentroko kideek: «Piztu Tolosaldea trantsizio energetikorako plan bat da, eta horri esker lehen komunitate energetikoak sortu dira, eta bulego birtual baten bidez, besteak beste, energia gaiei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen da».

Norberak nola lagun dezake?

Energiaren eta ingurumenaren zaintzaren arloan gobernuek eta erakundeek eskumen saihestezina duten arren, norbanakoek ere lagundu dezaketela diote. Hala, eguneroko ohitura batzuk aldatuz, norberak bere aletxoa jar dezakeela diote. «Ez du esan nahi erosotasun-bizitza batetik aldendu behar denik, baizik eta energia modu eraginkorragoan erabiltzea da kontua. Garrantzitsuena ahal den neurrian energiaren erabilera optimizatzea da, gure kontsumoa murriztea, birziklapena, janaria alferrik galtzea saihestea…».

Tolosako Ingurumen Zentrotik etxeak jasangarriagoak egin eta modu horretan energia kontsumoa murrizteko hainbat keinu proposatzen dituzte:

  • Gure etxeko "banpiro energetikoak" kontrolatzea: ekipo eta aparatu elektrikoen stand by egoera saihestea, energia modu pasiboan kontsumitzen ari baitira telebistetan, mugikorren kargagailuetan, ordenagailuetan.
  • Erabiltzen ari ez diren argiak itzali.
  • Garbigailua/lehorgailua/plater-garbigailua: aprobetxatu bere edukiera osoa.
  • Elikagaiak giroko tenperaturan desizoztu, mikrouhin-labea erabili gabe.
  • Argi naturala ahalik eta gehien aprobetxatzea eta argi artifiziala gehiegi ez erabiltzea.
  • Gure ibilgailu motordunen erabilera murriztea eta beste garraiobide batzuk aukeratzea: bizikleta, patinetea, garraio publikoa...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!