Kalejira koloretsua egingo dute euskal eskola publikoaren alde

Ataria 2023ko otsailaren 6a

Otsailaren 11n, larunbata, 17:30ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatu eta eta Amasa-Villabonara joango dira kalejiran, bailarako musikari, buruhandi eta erraldoien laguntzaz. Malkar plazan egingo dute ekitaldia.

Joan den abenduaren 12an aurkeztu zuten Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro taldea, bailarako euskal eskola publikoen egoerari buruz hausnartzeko. Aiztondoko haur eskolek, Adunako, Alkizako eta Larraulgo herri eskolek, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño eta San Millan herri eskolek, Asteasuko Pello Errotak eta Amasa-Villabonako Fleming eta Erniobeak osatzen dute plataforma, gaiaz kezka agertu duten hainbat herritarrekin batera. Bailaran euskal eskola publikoa sendotzea da beraien asmoa.

Horretarako otsailaren 11n kalejira koloretsua egingo dute, 17:30ean hasita. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatu eta Amasa-Villabonara bitarteko tartea egingo dute, bailarako musikari, buruhandi eta erraldoien laguntzaz. Amaiera ekitaldia Villabonako Malkar plazan izango da eta eskoletako ordezkariek, helduek zein haurrek, hartuko dute parte. Ekitaldira eskola bakoitzeko kamiseta eta jertseekin joateko deia luzatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!