Hemen da Ahoz Aho jaialdia

Ataria 2023ko ots. 3a, 19:59

Otsailaren 24tik apirilaren 1era ospatuko da Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia; ikastaro ezberdinak, ahozkotasunaren galak, XI. ipuin narrazio lehiaketa edota VII. euskal kontalarien topaketa jasoko ditu.

Badator beste urte batez Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia. Otsailaren 24tik abiatuta, eskualdean zein Gipuzkoako beste hainbat herritan, ekitaldi eta ikuskizun desberdinez gozatzeko aukera izango da, 30 artisten eskutik, beti, ahozkotasuna ardatz hartuta.

Denera hemeretzi herritan izango dira hitzorduak, eta May Gorostiaga kontalari eta Ahoz Aho jaialdiko koordinatzaileak azaldu duenez, Tolosa eta Ordiziako Udalei esker ekartzen dituzte punta-puntako kontalariak. Tolosaz gain, Berrobi, Belauntza, Alegia, Lizartza, Ibarra, Bidania-Goiatz, Zizurkil, Abaltzisketa, Villabona, Elduain eta Amezketak hartuko dituzte kontalariak eskualdean. Egitarau oparoa prestatu dute.

Edizio honetarako, 60 hitzordu baino gehiago prestatu dituzte: ikastaro desberdinak, hitzaldiak, ipuin saioak, haur zein helduekin formakuntzak, ahozkotasunaren galak, XI. ipuin narrazio lehiaketa edota VII. euskal kontalarien topaketa jasoko ditu.

Parte hartzaileen artean, gainera, Euskal herriko kontalariekin batera, nazioarteko sortzaileek ere parte hartuko dute aurtengo jaialdian, besteak beste, Mexiko, Nikaragua, Japonia, Frantzia edota Belgikatik etorritako aditu eta kontalariak izango dira jaialdian. Joxe Mari Karrere kontalariak nazioartetik datozen kontalariak nabarmendu ditu, «bertakoak gutxietsi gabe».

Urrezko kalabazak eta gehiago

Urtero, urrezko kalabaza sariak ematen dira. Horietako bi egun berean banatzen dira, aurtengo kasuan martxoaren 25ean, VII. euskal kontalarien topaketan. Karrerek esan duenez, euskal kontalari batek jasoko du kalabaza bat eta nazioarteko batek beste kalabaza. Eta hirugarren kalabaza ahozkotasunean «erreferentziazko lan bat egin duenari» ematen diote. Aurten, Anjel Lertxundi idazleari emango diote, «bere lan literarioetan ahozkotasunak sekulako presentzia daukalako eta abilezia handia du ahozkotasuna literaturara eramateko». 

Euskal kontalarien topaketa horretan, martxoaren 25ean, «Euskal Herriko kontalaritzaren mapa bat» egingo dute, Ane Gebara kontalariak azaldu duenez, ze jaialdi dauden, ze indar dauden, guztiek jakiteko. Dorleta Kortazar, Ines Bengoa, Jokin Irungaray, Bego eta Pedro Alabazan eta Ane Gebara izango dira hizlariak, eta ondoren, Yoshi Hioki japoniarrak ipuinak kontatuko ditu eta eguerdian banatuko dira urrezko kalabaza sariak. Bazkaldu ostean, jai giroan, Andoni Ollokiegiren eskutik musika emanaldia izango da. 

Ikastaroei dagokienez, Maider Alcelay haurrentzako irakaslea izango da, eta Alberto Garcia belgikarrak helduentzako ikastaroak emango ditu. Haurren kasuan, Abaltzisketan eta Bidanian egingo dituzte saioak. Eta helduen kasuan, martxoaren 4ean eta 5ean izango dira saioak, lehen egunean 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta bigarren eguenan 10:00etatik 13:00etara, Amarozko auzo etxean.

Tarta guztia osatzeko bi gala egingo dituzte: Tolosan izango da bat, martxoaren 15ean,10:00etan, Leidorren. Iñaki Carretero kontalariak azaldu du Tolosako ikastetxeetako 4. mailako haur guztiak joaten direla hitzordu horretara, eta «ederra» izaten dela. Bestetik, Ordizian, beste gala bat izango da martxoaren 24ean, Barrena jauregian, baina, galaren aurretik, XI. ipuin narrazio lehiaketa egingo dute. «Edonork hartu dezake parte, istorio bat prestatu, hara joan eta kontatu besterik ez da egin behar», esan du Carreterok.

Bi gala horiez gain, beste bi gala txikiago ere prestatu dituzte: batetik, Lizartzan, martxoaren 5ean, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian, eta, bestetik, Hernanin, martxoaren 17an, 18:00etan, Biteri kultur etxean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!