Euskal Herriko Historiaurre-Arkeologia eta Antropologia-Etnografiarekin zerikusia duten lanak bultzatzea da Barandiaran Ikerketa Bekaren helburua, eta 2023koak lotura zuzena du eskualdearekin. Izan ere, Tolosaldeko gaztainondoei buruzko Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean proiektuak jaso du, eta egileak ere eskualdekoak dira, Lizartzako Akaitz Sarasola Mugertza eta Asteasuko Aintzane Kortajarena Alejos, hain zuzen. Egileek esan dute gaztainondoaren kultura eta hori barnebiltzen duenaren azterketa bat egiteko egitasmoa dela.
Hain justu, 2022ko abenduaren 30ean elkartu zen Barandiaran Bekaren epaimahaia deialdira aurkeztutako 9 lanen inguruko ebazpena emateko eta aho batez onartu zen Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean lanari esleitzea beka. «Etnografia-antropologia arloko deialdi honetara aurkeztutako proposamen guztien artean hoberen garatuta dagoen proiektua da (diseinua, helburuak, hipotesiak, metodologia, bibliografia). Talde gaztea izan arren, ilusioz beteta dagoela ikusten da», esan du epaimahaiak.
Ikasleak dira bi sarituak Aintzane Kortajarena Alejos Gizarte Antropologia graduko azken urteko ikaslea da eta Akaitz Sarasola Mugertza berriz, Nekazaritza eta Basogintzako Ingeniaritza gradu bikoitzeko azken urtean dago. Biek, gaiarekin lotura zuzena dute eta diotenez «txikitatik, erraztasun eta ohitura handia izan dugu inguruko pertsona helduekin elkarrizketan aritzekoa, garai bateko kontuak eta bizimodua ezagutzeko asmoz».
HUTSUNE BAT BETETZEKO
«Hutsune bat sentitzen genuen gure kulturan hain garrantzitsua eta oinarrizkoa izan den zuhaitz eta elikagai baten inguruan, oso lan gutxi baitaude, eta apurka gaztainondoaren kultura hori guztia ahanzturan erortzen ari baita. Hori dela eta, egitasmo honen bitartez Tolosaldean, gaztainondoak eta gaztainak zer-nolako garrantzia izan duen aztertzea da helburu nagusia, gaur egunean kultura horrek utzitako arrastoetan fokua jarriz», esan dute.
Lanaren bitartez, gaztainondoaren kultura horren gaur egungo egoera aztertu nahi dutela gaineratu dute , «gu geu esparru zientifiko ezberdinetako kideak izateak, ikuspegi zabalagoa ematen dio taldeari, eta horrelako gai bat lantzeko oso aberasgarria eta beharrezkoa delakoan gaude. Zenbaitetan esan ohi den bezala, etnografia diziplina anitza da, eta hori dela eta ezinbestekotzat jotzen dugu horrelako ikerketa baterako bi arlo hauek batzea».
ERREALITATE DESBERDINAK
Tolosaldea aukeratu izana ez dela kasualitatea gehitu dute: «Tolosaldeak 28 herri biltzen ditu, eta bakoitzean gaztainondoarekin izandako harremana desberdina izan daiteke. Oro har, gaur egun gaztainondoaren-kultura nahiko galdua dago, eta errealitate horrek oztopo egingo digulakoan gaude lanean. Gure ustez kultura hori guztia oso momentu eta egoera jakinetan mantentzen da, irudimen kolektiboaren parte izanik».
Jende helduak, beharbada, beste errealitate bat eskainiko dietelakoan daude bi ikertzaileak, «zenbait pertsonen memorian gaztainondoak garrantzia izaten jarraituko duela» uste baitute. «Aspaldidanik gabiltza gaztainondoa eta gaztainaren inguruan interesatuta eta ibilbide akademikoan zehar lan ezberdinak egin ditugu, bakoitzak bere arloan», gaineratu dute.
Kortajarena bereziki, gaztainak herri ohituretan izan duen garrantziaz arduratzen da eta Sarasola alde teknikoago baten bila dabil, oso gustukoa baitu txertaketa eta bertako aldaera tradizionalen iraupenean dihardu buru belarri, Barandiaren Bekaren arduradunek esan dutenez.
Jose Migel de Barandiaran Beka Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1980an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru aldundiekin batera.