Euskadiko Atletismo Kopan Tolosa CF-ko neskak laugarren eta mutilak bosgarren

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 1a, 11:57

Pista estaliko atletismoko Euskadiko Kopa izan zen jokoan larunbatean. Kluben artean jokatzen da lehiaketa eta Tolosa CF-ko nesken taldeak laugarren egin zuen eta mutilek bosgarren.

Klubetik azaldu dutenez, «baja ezberdinengatik baldintzaturik gure taldeek ezin izan dute aurreko urteetako maila mantendu, baina lan txukuna egin dute jende gaztez beteriko bi taldeek».

Mutiletan Real Sociedad izan zen irabazlea. Hain justu, bertako kidea den John Cabang irurarrak 60 metro hesietako lasterketa irabazi zuen 8,10 eginez. Bidasoa Atletikoko Mario Estanga tolosarra bigarren izan zen pertika jauzian, 4,60 metrorekin bere marka pertsonala eginez.

Bidasoa Atletiko izan zen nesketan irabazlea, eta bertako kidea den Eunate Martinez de Rituerto tolosarrak altuera jauzia irabazi zuen 1,70 metro eginez. Bestalde, Atletiko San Sebastian taldeko Maria Lasa irurarrak 1.500 metroak irabazi zituen 4.31,18 eginez, eta bere marka hobetuz. Klub bereko Maria Navascues 5. izan zen 3.000 metroetan, 10.52,61ko markarekin.

ESPAINIAKO KROS TXAPELKETA

Ortuellan jokatu zen igandean Espainiako Kros Txapelketa, eta bertan izan ziren Tolosa CF klubeko bi atleta, 20 urtez azpiko mailan. June Sudupek hamargarren postua lortu zuen eta Naroa Rojo 51. postuan iritsi zen.

GIPUZKOAKO MARKA

Bestalde, Ander Martinez de Rituerto tolosarrak Sabadellen egindako Kataluniako nazioarteko proban hartu zuen parte pertika jauzian. Bosgarren izan zen 5,25 metro eginez, eta pista estaliko 23 urtez azpiko Gipuzkoako errekor berria ezarri zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!