A-15 errepidea itxita egongo da asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 31a, 11:59

Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera moztuko dute trafikoa, eta Iruñeko noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera. Autobia bi noranzkoetan itxiko dute ostiraleko (otsailak 3) 22:00etatik igandeko (otsailak 5) 22:00ak arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 3an, ostirala, ekingo die A-15 autobideko Gorosmendiko (Iruñeko noranzkoan) eta Oindolarreko (Donostiarako noranzkoan) tuneletako obrak, tunelen estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko helburuarekin.

Obra horiek era seguruan egiteko eta autobia segurtasun neurri egokiekin irekita mantendu ahal izateko, Gorosmendiko tuneleko Iruñerako noranzkoan eta Oindolarreko tuneleko Donostiarako noranzkoan dauden hodiak itxiko dituzte, eta behin-behinean, tunel bakoitzeko beste hodietatik desbideratuko dute trafikoa. Gainera, merkantzia arriskutsuen garraioan aritzen diren ibilgailuen joan-etorriak murriztuko dira, eta galiboa 4,5 metroko altuerara eta 3 metroko zabalerara mugatuko da. Muga horiek indarrean egongo dira lanek irauten duten zortzi hilabeteetan.

Desbideratzea era seguruan egin ahal izateko beharrezkoa da zirkulazioa erabat moztea. Aurreikusitako lanak egin ahal izateko, zirkulazioa erabat eten behar da bi noranzkoetan 48 orduz. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera moztuko dute trafikoa, eta Iruñeko noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera. Autobia bi noranzkoetan itxiko dute ostiraleko 22:00etatik igandeko 22:00ak arte.

Autobia bi noranzkoetan moztu bitartean zenbait lan egingo dituzte: euste-hesi bat jarriko dute eta galiboa kontrolatzeko eta trafikoa kudeatzeko sistema bat ezarriko dute.

Behin errepidea ixten dutenean, bertako zenbait erabiltzailek beste ibilbide batzuk erabili behar izatea eragingo du.

  • Ibilgailu astunek debekatuta izango dute GI-2130 errepidetik (Tolosatik Lekunberrira doana) joatea; hortaz, N-1 errepidea erabili beharko dute ordezko bide bezala.
  • Berastegi, Elduain edo Berrobi bezalako tokiko helmugak dituzten A-15 autobiako erabiltzaileek soilik egin ahal izango dute bira Berastegiko lotunean, ondoren GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza errepidea) zirkulatuz helmugaraino iristeko.
  • Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-1 errepidea erabiltzea gomendatzen dute, Altsasuraino, ondoren, Irurtzunen A-10 autobia hartuz (Sakanako autobia).
  • Gipuzkoatik Nafarroarako ibilbide luzeetarako, Iruñeko noranzkoko bidea ixtearen ondorioz, A-15 autobiako erabiltzaileek N-1 errepidetik jarraitu beharko dute, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10 errepidetik (Sakanako autobia) Irurtzuneraino.
  • Lekunberrira edo Leitzara doazenek, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri), Tolosatik barrena pasata, erabili ahal izango dute.

Ute tuneles Oindolar y Gorosmendi aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu lan horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!