BABESTUTAKO EDUKIA

«Unibertsitatearen metodologia izan zen Ingeniaritza Biomedikoa aukeratzeko arrazoia»

Mondragon Unibertsitatea 2023ko ots. 3a, 09:59

June Vallejo. ATARIA

June Vallejo Ingeniaritza Biomedikoa graduko 4. maila ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.

Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?

Pertsona nahiko irekia naiz eta nire bizitzan zehar gauza askotan parte hartu dut dudan izateko eragatik. Unibertsitatean hasi nintzenetik, zenbait zaletasun alde batera utzi ditut, atletismoa eta marrazketa, esate baterako. Gaur egun baserri batean bizi naiz, animaliekin denbora igarotzea da gehien gustatzen zaidana, bereziki txakurrekin mendira joatea.

Zergatik aukeratu zenuen Ingeniaritza Biomedikoa gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?

Batxilergo bigarren mailan, gradua aukeratzeko garaia iritsi zen eta ikastola desberdinetara hitzaldiak ematen hasi ziren. Garai horretan Andoaingo Aita Larramendi ikastolan ikasten nuen, eta hitzaldietako bat Mondragon Unibertsitateak eskaini zigun. Orduan, lehenengo aldiz gradu horren berri izan nuen eta gustuko nuela ohartu nintzen. Aukeraketaren arrazoi printzipala, biologia eta zenbakiak batzen dituen gradua dela.

Nola baloratuko zenuke orain arte bizi izandako esperientzia?

Nire esperientzia ezin hobea egin duen arrazoi nagusia bidean ezagutu dudan jendea izan da. Graduarekin hasi nintzenean Arrasateko erresidentzian bizitzen hasi nintzen eta bertan ezagutu nuen nire gaur egungo unibertsitateko kuadrilla. Bigarren urtetik aurrera nire kuadrillako eta gradu berdineko hiru neskekin joan nintzen pisu batera bizitzera.


Nola definituko zenuke Mondragon Unibertsitatean jasotzen duzun ikasteko metodologia?

Mondragon Unibertsitatearen metodologia izan zen gradu horren aukeraketa egiteko arrazoietako bat. Azterketak lauhilekoan zehar banatzen dira, materia kopuru txikiagoa prestatu behar da azterketa bakoitzerako. Gainera, azterketak bukatu ostean PBL izeneko proiektuak egiten dira non, sei astez taldeka garatzen den. Azterketarik gabeko epea da eta gehien ikasten den momentua. Beraz, gehien egokitzen zaidan metodologia dela pentsatzen dut.

Lanean ari zara ikasten duzuen bitartean, Dual ereduan. Non ari zara jardunean eta zer lan mota egiten duzu?

Graduko azken urtean nago, 4. mailan, beraz esango genuke Dual-a derrigorrezkoa dela Gradu Bukaerako Lana egiteko. Erasmusera joan ordez, hemen gelditzea erabaki nuen lan munduan sartzeko aukera eskaintzen baitzidan unibertsitateak. Kiro Grifols, Arrasateko enpresan nago lanean, bertan nire lana Kiro Oncology makinaren fidagarritasuna eta errendimendua ebaluatzea da.

Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta zerbait hobetzeko?

Aipatu dudan moduan, azterketak denboran banatuta daude, hori ontzat ikusten dut. PBL-ak baita unibertsitateak duen metodologian ekintza positibo bezala ikusten ditut. Hobetzeko gauzen artean, orain arteko praktika kopuru urria izan dela. Nahiz eta aurten KIRO Grifolsen hamar hilabete egingo ditudan, oraindik ikasteko gauza asko falta zaizkidala pentsatzen dut.

Zer-nolako ekarpena egiten dizu eredu dualak?

Lan egiteak esperientzia laborala ematen dizu, eta horrela behin gradua bukatuta ez zara beldurrez aurkezten lan mundura. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera da. Ekonomikoki hitz egiterako garaian, daukagun adinarekin dirua irabazteko aukera izatea oso abantailatsua da.

Etorkizunari buruz zeintzuk dira zure asmoak?

Behin Gradua amaituta, Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen masterra egingo dut: Teknologia biomedikoak. Aurten lanean arituz gero, hurrengo urtean masterra egiteaz gain Dual ereduan sartzea gustatuko litzaidake.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!