Etorkizuneko Ataria batera marraztuko dugu?

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 2a, 11:00

Asebetetze inkesta anonimoa da eta benetan pentsatzen duzuena jartzea nahiko genuke. Lau minutu besterik ez dira, animatu eman iritzia.

2023an 10 urte beteko ditu Atariak eta hau aitzakia hartuta, asebetetze inkesta bat jarri dugu martxan. Etorkizuneko Ataria irakurleekin, kontsumitzaileekin, Atarikideekin eta herritarrekin marraztu nahi dugu eta horretarako zuen iritzi eta nahiak kontuan hartzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, galdetegia erantzutera animatu nahi zaituztegu, lau minutu besterik ez dira.

Galdetegian hainbat gai jorratzen badira ere zuek nahi duzuenaren inguruan erantzutea nahiko genuke eta noski, erantzunek anonimotasun osoa izango dute, beraz, benetan pentsatzen duzuena jartzea gustatuko litzaiguke. Herritar bakoitzak behin erantzutea ere eskertuko genuke. Erantzunak otsailaren 15a bitartean jasoko ditugu.

Atariak urrian 10 urte egingo ditu, baina askoz gehiago ere egin behar ditu, horregatik, etorkizuneko Ataria zuekin batera marraztea nahiko genuke, zuen iritziek garrantzia handia dute eta. Aldez aurretik, eskerrik asko Atariaren zehar-lerroak erabakitzen laguntzeagatik.

Amaitzeko, aipatu, aurtengo urtea berezia dela Atariarentzat eta guretzat berezia izateaz gainera, Atarikideentzat ere horrela izatea nahi dugula. Ataria guztiona sentitzea, guztion artean egiten dugulako Ataria.  Horregatik, Atarikideek, aurten hainbat onura, berrikuntza eta funtzionalitate berri izango dituzte. Aurrerago informazio guztia emango dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!