Euskaltzaindiak Pello Zabala eta Eustasio Etxezarreta omendu ditu

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 28a, 14:40
Paulo Agirrebaltzategi Pello Zabalaren hilberri-txostena irakurtzen. Iturria: Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak urtero gorazarre egiten die aurreko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle. Atzo egin zuen ekitaldia eta Amezketako Pello Zabala eta Albizturren jaiotako Eustasio Etxezarreta omendu zituen.

Akademiak  atzo egin zuen urteroko ekitaldia Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Pasa den urtean hildako euskaltzainak omendu zituen, zazpi guztira; Amezketako Pello Zabala, Albizturko Eustasio Etxezarreta, Pello Apezetxea, Iñaki Segurola, Miren Jone Azurza, Pedro Sancristoval eta Txomin Peillen. Banan-banan irakurri zituzten iaz hildako zazpi euskaltzainen profilak.

Pello Zabala idazle eta ohorezko euskaltzain gipuzkoarraren hilberri-txostena Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak irakurri zuen. Pello Zabala oso ezaguna zen Euskal Herri osoan. Musikazalea, irrati esataria eta meteorologoa, gizon apal bezain adeitsua izan zen. Euskararen eta euskal kulturaren mesedetan eginiko lanak kontuan izanik, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen fraide frantziskotarra 2018an.

1938. urtean Albizturren jaiotako Eustasio Etxezarreta euskaltzain urgazle gipuzkoarraren hilberri-txostena Lontzo Zugazaga ohorezko euskaltzainak irakurri zuen. Haurtzaroko ikasketak Andoainen egin zituen Etxezarretak, eta apaiz-ikasketak Donostiako seminarioan. 1963an, Donostiako elizbarrutiko apaiz egin zen. 1966-70 bitartean, Teologian eta Liturgian lizentziatu zen Erromako San Anselmo Institutuan. Donostiako elizbarrutian Liturgia Idazkaritzako arduradun eta Liturgiako liburuen euskarazko itzulpenaren eta argitalpenaren elizbarruti arteko talde-arduraduna izan zen 1970etik. EiTBko Meza Santua emankizunaren elizbarruti arteko arduraduna ere izan zen.1979an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!