Agintarien «erasoaldiaren» kontrako mobilizazioa

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 24a, 07:59
Asier Aierbe eta Sara Gonzalez, Tolosaldeko GKSko kideak.

Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizaziorako deia egin du larunbaterako; autobusak antolatu ditu.

Gazte Koordinadora Sozialistaren iritziz, kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari den honetan, «denok ez ditugu krisiaren ondorioak berdin jasaten». «Are gehiago, bankari eta enpresari handiek negozioa egiten dute testuinguru honetan. Zuzenean eta zeharka langileon soldatak erasotzen dituzte», gaineratu du Asier Aierbe koordinadorako kideak.

Hori dela eta, mobilizazioa egingo dute larunbatean, hilak 28, Bilbon, eta autobusak antolatu dituzte hara joateko. Autobusak Villabona, Irura, Ibarra, Alegia eta Tolosatik pasako dira eta itzulerarako bi aukera egongo dira, 21:00etan eta 02:00etan. Autobuserako txartelak Rainbow (Villabona), Arkupe (Anoeta), Atari (Ibarra) eta Rakun (Tolosa) eskuratu ahal dira dira 3 euroan. Eta 689 49 61 48 telefono zenbakira idatzita ere eman daiteke izena.

Izan ere, GKSren ustez mobilizazio batek erasoaldia geldituko ez duen arren, «GKSk garrantzitsua ikusten du aldaketa posible den eta horretarako borrokatu beharraren ideia hedatu eta gazteon artean borrokarako eta antolakuntzarako grina hedatzea», esan du Sara Gonzalezek.

Testuinguru «basati» honen adibide bezala aipatu ditu Gonzalezek «Tolosaldeko ostalaritzako langileen erdiak ordaindu gabeko ordu estrak egitea eta sektore bereko langileen % 40 inguru kontraturik gabe egotea, hainbat enpresatan lan-hitzarmenak ez errespetatzea, eskualdeko 4.000 etxebizitza baino gehiagok pobrezia energetikoa jasatea…».

Horrela, langileon soldatek geroz eta balio gutxiago dutela esan du eta langileon egoera kaskartzen ari dela. «Krisia, beraz, ez da gertakari neutral bat, enpresari handien eta agintarien erasoaldia da. Beraien diru goseak, langileriaren miseria dakar», gaineratu du Aierbek.

Erasoaldiaren parte

Enpresari eta agintariak ez ezik, politikari profesionalak ere erasoaldiaren parte direla iritzita, horiek «burgesia handiari subordinatuta daude eta martxan jartzen dituzten politikak klase ertainaren eta burgesiaren interesen defentsan dira», GKSko kideen hitzetan.

Horiek horrela, testuinguru gero eta «autoritarioago batera» garamatzaten politikak jartzen dituzte martxan, «udalek polizia baliatzen dute gazteria kriminalizatzeko, azpiegitura publikorako sarbidea mugatzen dute modu arbitrarioan… Politikari hauek, beraz, ez dituzte gure bizitzak hobetuko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!