Kafe kapsulak birziklatzeko edukiontziak jarri dituzte

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 23a, 15:59
Olatz Peon (ezkerrean) eta Gurutze Etxezabal (eskuinean) gaurko agerraldian.

Tolosaldeko Mankomunitateak kanpaina bat abiarazi du kafe kapsulak birziklatu ahal izateko. 60 edukiontzi berezi jarri dituzte eta baita informazio puntuak ere.

Eskualdean sortzen den zaborra eta hondakinak biltzeaz arduratzen den Tolosaldeko Mankomunitateak kafe kapsulak gaika biltzeko kanpaina abiarazi du. Gaur abiarazi dute eta eskualdeko herrietan hainbat edukiontzi jartzea eta 9 herritan informazio puntuan jartzean datza.

Tolosaldeko Mankomunitateko Gurutze Etxezabal lehendakari ordeak esan du helburua dela lehen urtean eskualdean 25.000 kilo biltzea eta bigarrengoan 30.000 kilo; «hau da, 1.750.000 eta 2.100.000 kapsula, hurrenez hurren». 

Esan dute kafe kapsulek sortzen duten hondakinak plastikozko edo aluminiozko ontzia eta kafe hondarra bera direla. Normalean bi hondakin horiek batera deuseztatzeko ohitura dagoela gaineratu dute, kafe hondarrak edukiontzi marroira botaz eta kapsulak berriz, edukiontzi horira bideratuz. «Honek birziklatzeko zailtasunak dakartza. Beste hondakinetatik at jasotzen baditugu, bai kafe hondarrak eta baita ontzia ere, beste produktu batzuk egiteko erabiliko genituzke, produktuari hain garrantzitsua den zirkularitate izaera emanaz». Horretan datza Tolosaldeko Mankomunitateko kanpaina eta helburua, hain zuzen, «aipatutako hondakin horiek %100ean birziklatzean». 

Bereizita jaso behar dira
Horretarako baina, hondakin horiek besteetatik bereizita jaso behar dira, eta horregatik jarri dituzte edukiontzi bereziak. Zehazki 60 edukiontzi jarriko dituzte olioa biltzeko daudenen ondoan, eta edukiontzi horiek egiteko kafe kapsulak erabili dituzte lehengai bezala, «beraz, hondakina baliabide bihurtu izanaren adibide argia da honako hau», esan du Olatz Peon mankomunitateko lehendakariak. Edukiontzi bakoitza egiteko 7.500 kapsula erabili dituzte. Peonek esan du Tolosaldeko 28 herrietako biztanleria guztiari zuzendutako proiektua dela eta biztanle orok erabili ditzaketela edukiontzi hauek, edozein momentutan».

Hondakin horiek Adunako Kafea.eco enpresa arduratuko da eta produktu berriak sortuko dituzte jasotzen dutenarekin. Zehazki landareak edo perretxikoak hazteko kafe hondarren substratua egingo dute, baita ernatzeko prest dauden haziekin nahastutako substratua duten hazi bolak ere, eta azkenik konbustiorako briketak eta pelleta egingo dute. 
Bestetik, kapsula birrinduetatik galautsa lortuko dute, eta horrekin hainbat elementu sortuko dituzte; besteak beste, 1.250 kapsulekin egindako paperontziak, 50 kapsulekin egindako kuboak, 6.000 kapsulekin egindako konpostagailuak eta edukiontziak, hesiak nahiz hiri-altzariak egiteko listoiak.

Informazio puntuak
Kanpainaren barruan biztanleria kontzientziatzea eta informatzea aurreikusi dute, eta horretarako Tolosaldeko 9 herritan informazio puntuak jarriko dituzte. Hain justu, gaur eman dute kanpainaren berri Tolosan kokatutako informazio puntuan. «Proiektu hau ezagutarazteko eta jendeak eduki ditzakeen zalantzak argitzeko izango dira», esan du Etxezabalek.

Hazi bolak eta kit-ak opari
Informazio puntu horietara gerturatzen diren lehen 150 pertsonei hazi bola bat oparituko diete. Hazi bola horiek loreontzi batean sartuz gero, udaberriko loreak ernatuko direlarik. Era berean,  lehen 150 pertsona horien artean egunero 3 kit banatuko dituzte. Kit horietan daude perretxikoak hazteko laborantza substratua eta etxean kafe kapsulak biltzeko ontzi txiki bat. 
Horretarako, kapsulaz betea dagoen beirazko ontzi bat egongo da erakusgai eta parte hartzaileek barruan dauden kapsula kopurua asmatu beharko dute. Ez badu inork asmatzen, gertuen ibili diren eta kopuruan goitik ez diren hiruek emango dute saria. 

Hori guztiaz gain, eskualdeko etxe guzietara esku orri bat banatuko dute, kanpainaren inguruko informazioa eman eta zerbitzu berriaren inguruko xehetasunak zabaltzeko.

Bukatzeko gogoratu dute proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako diru laguntza batzuen barruko proiektua dela. Proiektu honen aurrekontua 45.000 eurokoa da, eta Foru Aldundiari esker erdia finantzatuko dute. 

Informazio puntuak
  • Alegia. Urtarrilaren 25ean, 16:00etatik 20:00etara.
  • Anoeta. Urtarrilaren 31n, 10:00etatik 14:00etara.
  • Tolosa. Otsailaren 4an, 10:00etatik 14:00etara.
  • Asteasu. Otsailaren 6an, 16:00etatik 20:00etara.
  • Villabona. Otsailaren 7an, 10:00etatik 14:00etara.
  • Ibarra. Otsailaren 9an, 1a6:00etatik 20:00etara.
  • Irura. Otsailaren 14ean, 16:00etatik 20:00tara.
  • Zizurkil. Otsailaren 15ean, 16:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!