Jaka-Aranguren txapelketatik kanpo geratzeko arriskuan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 23a, 11:35

Bost jardunaldi geratzen dira eskuz binakako txapelketan ligaxka amaitzeko. Altuna III-Tolosa bikoteak eta Peña II.ak aukera handiak dituzte aurrera egiteko.

Hiru puntura dute seigarren postua eta txapelketan jarraitzeko aukera Jakak eta Arangurenek. Jokoan, ordea, bost besterik ez dira geratzen. Bederatzi partida jokatu ondoren, garaipen bakarra lortu dute. Azken partida hauetan, gutxienez hiru irabazi beharko dituzte eta aurkarien emaitzei begira egon. Azken partida, Peña II-Eskirozen aurkakoa, 22-15 galdu zuten.

Jon Ander Peña tolosarrak atzelari berriarekin jokatu zuen partida hori, Mariezkurrena II.a lesioagatik ez zelako kantxaratu. Hala eta guztiz ere, Eskirozek bikain ordezkatu zuen nafarra eta puntu garrantzitsu horri esker, sailkapeneko bosgarren postuan daude Peña II-Mariezkurrena II.a.

Txapelketa bikaina egiten ari direnak Jokin Altuna eta Xabier Tolosa dira. Hirugarren postuan daude sei garaipenekin, eta lehen bi postuetan sailkatzeko helburu garbiarekin. Azken partida Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka jokatu zuten larunbatean Iruñan. 22-12ko emaitzaz eta joko bikaina eginaz puntua lortu zuten Tolosaldekoek.

10. jardunaldia:

  • Hendaia, ostirala: Laso-Imaz/Peña II.a-Eskiroz
  • Iruñea, larunbata: Elordi-Zabaleta/P. Etxeberria-Rezusta
  • Bilbo, larunbata: Ezkurdia-Martija/Altuna III.a-Tolosa
  • Agoncillo (Errioxa), igandea: Urrutikoetxea-Albisu/Jaka-Aranguren.

Binakako EPEL Txapelketako sailkapena

  Pilotariak Jokatutakoak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 ELORDI - ZABALETA 9 8 197 106 91
2 LASO-IMAZ 9 6 177 162 15
3 ALTUNA III - TOLOSA 9 6 170 167 3
4 P.ETXEBERRIA - REZUSTA 9 5 173 170 3
5 PEÑA II-MARIEZKURRENA II 9 4 157 162 -5
6 URRUTIKOETXEA-ALBISU 9 4 169 180 -11
7 EZKURDIA - MARTIJA 9 2 125 192 -67
8 JAKA-ARANGUREN 9 1 159 188 -29

Iztueta min hartuta

Jaka eta Arangurenen egoera berean daude Zubizarreta III.a eta Elizegi. Hiru puntura dute kanporaketa jokatzeko aukera emango duen seigarren postua. Asteasuko atzelaria ez da iaz erakutsitako maila berean ari, eta jardunaldi honetan ere, galdu egin du aurrelari ataundarrarekin jokatutako partida. 13-22 galdu zuten Larrazabal eta Eskirozen aurka. Baikoko bikotea osatzen duten bi pilotariek hilabete zeramatzaten elkarrekin jokatu gabe (azken aldiaz, abenduaren 25ean izan zen); gainera, orduan lortu zuten orain arteko garaipen bakarra. Halaber, aipatzekoa da, lesioak tarteko, txapelketako bederatzi partidetatik, lau soilik jokatu dituztela elkarrekin.

Agirrek eta Iztuetak, bestalde, garaipen handia lortu zuten atzo, Etxabarrin. 22-21 irabazi zieten Bakaikoari eta Morgaetxeberriari. Garaipen horri esker sailkapeneko laugarren postuan kokatu da Baikoko bikotea. Atzelari tolosarrak, ordea, eskuko minez amaitu zuen partida, eta ez du jardunaldi honetako partida jokatuko; Salaverri II.a ariko da bere ordez.

10. jardunaldia:

  • Hendaia, ostirala: Salaberria-O. Etxeberria/Exposito-Bikuña
  • Iruñea, larunbata: Agirre-Salaverri II.a/Larrazabal-Uriondo
  • Bilbo, larunbata: Bakaikoa-Morgaetxeberria/Zubizarreta III.a-Elizegi
  • Agoncillo (Errioxa), igandea: Zabala-Gaskue/Egiguren V.a-Erostarbe.

Binakako Promozio Mailako Txapelketako sailkapena

  Pilotariak Jokatutakoak Puntuak Aldeko tantoak Aurkako tantoak Koefizientea
1 SALABERRIA - O. ETXEBARRIA 9 9 198 113 85
2 LARRAZABAL - ESKIROZ 9 7 190 144 46
3 BAKAIKOA - MORGAETXEBARRIA 9 5 173 153 20
4 AGIRRE - IZTUETA 9 5 162 168 -6
5 EXPOSITO - BIKUÑA 9 5 157 166 -9
6 ZABALA - GASKUE 9 4 160 160 0
7 ZUBIZARRETA III - ELIZEGI 9 1 128 193 -65
8 EGIGUREN V - EROSTARBE 9 0 127 198 -71

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!