Azken bi urteotan jasandako salbuespen egoera medio ezin izan da Leidor nahi bezala bete. Baina gaurkoan besaulki berdeak bete-beterik izan dira; bertsozaleen bertso-gosea beste bete baita Leidor. 'Ataria'-ren bueltako bertsozaleak irribarrez, txaloka zein hausnarka jarraitu dituzte bertsolarien lanak.
Amaia Agirre gai-jartzailea bertso saioa Atarikideei eskerrak emanez hasi du; eta Atarikide ez direnei gonbita luzatuz Atarikide egin daitezen ; honela, eskualdeko tokiko komunikabidea indartzen jarrai dadin.
Eskualdeko bertsozaleek ongi dakiten moduan, Leidorreko oholtza jantzita ageri izaten da gaurko zitan, baina oraingoan inoiz baino soilago azaldu da Leidorreko eszenatokia. Honela, nolabait protagonismoa bertso eta bertsolariei eskaini nahi izan zaie, Agirreren esanetan.
Lehen bertsoak kantatzera Oihana Iguaran eta Jexux Mari Irazu atera dira. 2023. urte honetan, bai 'Tolosaldeko Ataria' komunikabideak eta baita Harituz bertsozale elkarteak ere hamar urte beteko dituzte. Jexux Mari Irazu 'Ataria' izena proposatu zuena izan zen eta Oihana Iguaranek ederki ezagutzen du komunikabidea, bertako iritzi emaile izanik. Honela, bai 'Ataria'-ri eta baita Harituz-i eskaini diote lehen bertso lana. Ikusi bideoa hemen.
'Ataria'-ko lanari jarraika sortu da bigarren bertsoaldirako gaia. 'Kobazuloak eta zaborra, ezkutatu ezin daitekeen errealitatea' dokumentala izan dute hizpide. Amets Arzallus eta Alaia Martin jendartearen jarrerei egin diete kantu; behar ez den horren kontsumoa salatu dute, haien hitzetan baita leku "hipokritatik, Gabonen ostean".
Umorea lagun
Umorearen txanda Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colinaren eskutik iritsi da. Bata eskalea eta besteak egunero ikusten duen gidaria; denboralea dela eta, elurra medio, kotxean jasotzera errukitu da. Kotxean abiatu eta errepidea itxita. Orduan hasi dira bata eta bestearen arteko jirak eta birak. Bertsozaleek lehen barre algarak askatu dituzte orduan.
Alaia Martin eta Oihana Iguaranen txanda iritsi da segidan. Amatasuna edota alabatasuna jorratu dute. Sorpresa pantailan zuten, euren amek haiek txikitan nolakoak ziren zelatatu baitiote publikoari. Alaia eta Oihanaren arteko konplizitatea agerian geratu da eta samurtasunerako zein umorerako tartea utzi dute bi amek. Bertsozaleek jakin dute isiltzen ez ziren haurrak zirela, eta gaur egun ere ez direla isilik mantentzen; edota, autoritatea gustuko ez zutela, eta gaur egun ere ez dutela atsegin autoritatea izatea; edota patata frijituak izugarri gustukoak zituztela. "Sarriegiak sarriegi jaten" zituztela, alegia.
Umoretik ere kantatu dute Alaia Martinek eta Sustrai Colinak. Bikote hasiberria eta Colina erromantikoetan erromantikoena. Begiak itxita, auto garbitu berria, golf zelaira eramango du Sustraik Alaia. Eta Alaia Martinek horrela erantzun: “Zelai ederra baina loreak non daude?”. Erromantikoak ezin beste era batera erantzun: "Zelaia hor dago ta lorea zu zara". Golf zelaian zeudela, golf makilari erreferentzia eginez, ezin metafora alde batera utzi Sustrai Colinak: "Bizitzan izango naiz zure makulua”. Alaia Martin konbentzituta orduan hirugarren zitarako proposamena luzatu dio: “Hasi zaitez prestatzen hirugarren zita”. Eta Sustraik asmo handiekin erantzun dio: “Alkilatu behar dut Reale Arena”.
Umorea ez da falta izan politikari begiratzerakoan. Izan ere, 2023a hauteskunde urtea izango da, eta Amaia Agirrek hori kontuan izanda politikari paperean sartzeko eskatu die bertsolariei. Tolosako alkategaiek 'Ataria irratia'-n euren benetako asmoak azaldu behar izan dituzte Iparragirreren doinuan. Perlak perlen atzetik: “Alde Zaharra bihurtuko dugu alde prehistorikoa"; "Gora Ibarretxe plana ta auzolana"; "Denok dakigu zeinek ekarri zituen karnabalak bueltan"; "Parkinak utzi baino kotxeak txikiagoak erosi", "Herrigintzan limosnak era Iruran txosnak"; "Neuk ere ez dakit non kristo dagon Bedaio"; "Zezen plaza bota ta Asuncion jarri bertan. Herri honek behingoz behar duela Erietxe publikoa", "Jan edan ta gero bueno tripako minak Asuncion pribatura" edota "Bertso eskola inposatuko dut, haurtzaindegitik hasita".
Berriro barrura
Nerea Ibarzabali irakasle baten paperetik kantatzeko eskatu dio Amaia Agirrek. Klasean arropa zikinarekin, garbitu gabe, bakartzen joan den ikasleari zer-nolako erantzuna eman behar zaion kantatu du bizkaitarrak. Ederki laburbildu du egoera Ibarzabalek: “Gela batean ezin konpondu gizartearen itokina”.
Eta horrela, mikrofonoak txandakatuz, eszenatoki gainetik edo publiko artetik, gaia Amaia Agirrek berak edo laguntzaileek proposatuta bertsozaleek berriro ere Leidor beteta ikusi dute Ataria Bertso Jaialdian. Eta beteta ikusi besterik ez, bertso-gosea beteta utzi dute Leidor berriro hutsik.