ERREPORTAJEA

Gorputza duen sagardoa

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 19a, 07:59

Sagar gutxi jasoagatik, kupelak bete-beteta dituzte eskualdeko sagardotegiek; Adunan, Asteasun, Lizartzan eta Tolosan bada txotx egiteko aukera. 

Hasi da txotx denboraldia eskualdean, eta hasi dira sagardozaleak lehen sagardoak dastatzen. Tolosaldean, besteak beste, Zabala, Aburuza, Sarasola, Eguzkitza eta Isastegik zabaldu dituzte ateak, eta Lizartzako Goikoetxea sagardotegiak bihar bertan hasiko du denboraldia, iluntzean. 

Eguzkitza sagardotegiak, esaterako, urtarrilaren 5ean hasi zuen denboraldia, baina urte batzuk daramatzate abenduko asteburuetan zabaltzen, Jon Zipitria arduradunak azaldu duenez: «Abenduko asteburuak aurreko urteak bezala joan dira; tartean, enpresako otorduak izan ditugu». Isastegin, berriz, larunbat iluntzean egin zuten denboraldiko lehen otordua. Joseba Lasa arduradunak kontatu duenez, «familiarteko giroan, lagun eta ezagunen artean» eman diote hasiera. «Beti izaten da berezia lehen otordua». Eta Zabala sagardotegian «lasai» hasi dute martxa, «datorrenari begira». Halaxe esan  du Martin Zabala arduradunak. 

Asteburuei begira baikor daude sagardogileak, badakitelako mugimendua izango dutela, baina, astegunetako otorduak kezka handiagoz ikusten ditu, esaterako, Zipitriak: «Astegunez, iluntzeetan, afaltzeko martxa gutxitzen ari ote den ari gara ikusten; oraindik garaiz da, baina itxura hori du». 

Erreserbek daukaten erritmoa ikusita denboraldi «ona» espero dute Isastegin. Ostirala eta larunbatari dagokionez, beste urteetan bezala lan egitea aurreikusten dute, «aurreikuspen ona daukagu». Astean zeharreko mugimenduari zalantzatiago begiratzen dio Lasak ere; hala ere, «beste urteetakoa mantentzeko gai» izango diren esperantza du.

Zabala sagardotegian ere badakite larunbat eguerdietan sagardotegia betetzeko moduan izango direla. «Larunbatetan anabasa izango dugula badakigu, eta hortik aurrera ea zer gertatzen den». Larunbat eguerdietarako dute erreserba gehien Zabalan ere, hala ere, astez «beti zerbait» izaten dutela dio, baina «urtetik urtera gutxiago». 

Sagardotegira joan, sagardoa dastatu eta azalpenak lasai entzuteko unerik aproposena jende gutxiago dabilenean izan ohi dela dio Zabalak: «Jende asko dagoenean badakizu zer gertatzen den, ez da posible izaten denekin egotea; guri gustatzen zaiguna txotxera joan eta kontu batzuk esaten lasai egotea da». 

Lizartzako Goikoetxea sagardotegiko Juan Karmelo Goikoetxeak ere zalantzarekin ikusten du denboraldi berria: «Prezioak igo egin dira, eta guk ere igo egin behar izan ditugu. Lehorteak ere ez du batere lagundu; ea nola eragiten digun». Iaz, pandemiaren ondorena izanagatik, jende «gutxiago» ibili zutela kontatu du, bereziki iluntzeetan, eta aurten zer norabide hartuko duen zain daudela dio. «Kalderero eta inauteriei begira erreserbak jasotzen ari gara ordea, eta martxorako ere agenda betetzen ari zaigu».  

Urria baina sendoa

Udan izandako tenperatura altuak, eta horrekin batera etorritako lehorteak, ez die mesede egin sagarrondoei, eta sagar «gutxi» jaso dutela kontatu dute. «Lehorra izan da eguraldi aldetik, eta sagarra bera ere lehorra etorri da», dio Zipitriak. «Hilabete bat aurreratu zitzaigun sagarra, eta garai honetarako gorputzarekin dago sagardoa; berez, sagardo gozoagoak izaten dira oraindik urtarrilean». Kupeletan jaso dutenarekin, ordea, «gustura» daude Eguzkitzan: «Aurten, nabarmena da diferentzia, sagardoak gorputza du, sagardo politak ditugu, eta jendea ere gustura ari da sagardoa dastatzen». 

Isastegin ere sagar «gutxi» bildu dutela kontatu du Lasak. «Aldi berean, horrek, gorputz gehiagoko sagardoa ateratzea ekarri du, alkohol gehiagorekin eta nortasun gehiagorekin». Sagardotegira joan eta probatzean, aldaketa nabaritzeko modukoa dela dio. Bertako sagarrarekin nahikoa ez,  eta kanpoko hornitzaileei jo behar izan diete atea: Frantziatik ekarri dute sagar gehiago. «Gure bezeroak sagardorik gabe ez dira geratuko, lasai etor daitezela». 

Zabalan ere, etxeko sagarrekin nahikoa ez, eta Frantziatik ekarri dute sagarra, uzta osatzeko. «Uzta sendoa izan da, iaz baino gorputz gehiagorekin, kolore gehiagorekin, alkohol gehiagorekin», kontatu du Zabalak. Jendeari gehiago gustatuko zaion esperantzarekin daudela dio. «Urtetik urtera sagardoa desberdina izaten da, eta hori da polita, ez dagoelako formula magikorik sagardoa egiteko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!