Hiru talde lehian, senior mailako areto futbolean

Imanol Garcia Landa 2023ko urt. 18a, 19:59

Anoeta taldea, Tolosako Ama Teep Tolosala taldea eta Ibarrako Lauburu ari dira lehian Gipuzkoako ligan; emaitzei baino gehiago, kirola egiteari ematen diote garrantzia.

Areto futboleko senior mailako Gipuzkoako ligan eskualdeko hiru talde ari dira lehian: Anoeta, Tolosako Ama Teep Tolosala eta Ibarrako Lauburu. Guztira sei talde daude eta dagoeneko lehen itzulia jokatu dute, hau da, bost jardunaldi. Ama Teep Tolosala laugarren doa sailkapenean, sei punturekin. Anoeta bosgarren, bost punturekin, eta Lauburu Ibarra seigarren, puntu bakarrarekin.

Hamar denboraldi inguru daramatza Anoeta taldeak ligan. Oraingo denboraldia «nahiko arraroa» izaten ari dela azaldu du Naroa Ane Lasa jokalariak: «Jokalari berri dezente hasi zaizkigu. Emaitzetan oraindik ez da ikusi agian, baina partidak ondo jokatzen ari gara, eta balantzea positiboa da». Hamar jokalari dituzte eta erdiak berriak dira.

Taldea hainbat urtetan martxan izatea nahiko konplikatua dela azaldu du Lasak: «Guk orain arte ere urtetik urtera jarraitzeko gogoa izan dugu, baina beti norbaitek utzi egiten du, edo gutxi izateak ere zailtasunak ematen dizkizu, partida guztietan egon beharra duzulako. Aurten, zorte dezente izan dugu eta bost jokalari berri etorri dira, eta aurrera begira ere jarraitzeko asmotan gaude». Partidak ez dituzte planteatzen derrigorrez irabazi behar direla pentsatuz. «Beti saiatzen gara irabaztera joatera, eta ahal dugun partida txukunena jokatzen. Oso kontziente gara ere talde erdia berria dela. Beraz, gure asmoa da jokatzen duguna gustura jokatzea, partida onak egitea eta batez ere talde giro ona izatea», esan du Lasak. Azken partidan, Lazkaoren aurka, lehen garaipena lortu dute.

DERBIA, TOLOSAKOENTZAT

Ama Teep Tolosala taldeak bigarren denboraldia du, Teep Orixe-Samaniego taldea eta Tolosala taldea batu ondoren. «Oso pozik gaude denboraldia nola doan ikusita», esan du Garazi Arregi jokalariak. «Aurreko denboraldiarekin alderatuta, emaitza onak lortzen ari gara, eta garaipen batzuk lortu ditugu, sailkapenean pixka bat gorago egotea ahalbideratu digutenak».

Arregik nabarmendu du ere taldekideak mantentzeaz gain, berri batzuk sartu direla. «Etorri direnak areto futbolean ez ziren aritu, baina bai futbolean, eta kalitate hori ere nabaritu dugu. Aldaketa batzuk ere egin ditugu egituran, ondo atera zaigu, eta bide onetik goazela dirudi», esan du Arregik. Taldearen helburua batez ere «elkarrekin ondo pasatzea» dela nabarmendu du.

Ligako azken jardunaldian Lauburu Ibarrari 3-4 irabazi zion Tolosako taldeak. Azken minutuetan sartutako gol batekin lortu zuten garaipena. Bestalde, Kopako finalerdietarako sailkatu da Ama Teep Tolosala.

Bigarren denboraldia du senior mailan Lauburu Ibarrak. Ligako talde gazteena, eta jokalari gehienak ez dira oraindik adinez seniorrak. «Aurreko urtean nahiko pozik eta ondo bukatu genuen, baina denboraldi hau ez dugu ondo hasi. Ez ditugu ondo aprobetxatu aukerak, eta ez dugu zorterik izan», esan du Alaitz Etxarren jokalariak.

Talde gazteena izateak bere eragina duela aipatu du Etxarrenek: «Entrenamenduetan gure artean nahiko ondo moldatzen gara, baina gero asteburuko partidetan gehiago sufritzen dugu». Taldean jokalari gehiago dituzte aurten, eta batzuek harmailetan geratu behar izaten dute partidako eguna iristen denean. Denboraldiko helburuei begira, Etxarrenek zehaztu du puntu gehiago lortu nahi dituztela: «Badakigu denboraldi zaila dugula aurretik, baina ahalik eta puntu gehien lortu nahi ditugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!