Eskualdeko atletek hamabi domina Gipuzkoakoan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 17a, 11:58

Pista estaliko absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa izan da jokoan asteburuan, eta Tolosa CF-ko atletek sei domina eskuratu ahal izan dituzte.

Pista estaliko atletismoko Gipuzkoako Txapelketa izan da jokoan asteburuan, absolutu mailan, eta eskualdeko atletek hamabi domina lortu dituzte.

Domina horietatik sei Tolosa CF klubeko atletentzat izan ziren. Nora Ituartek urrea lortu zuen 60 metrotan 7,80ko markarekin. Zilarrezko bi domina eskuratu zituzten: Ane Martinek 800 metrotan 2.19 markarekin, eta Julen Martinek 60 metro hesietan 8,35rekin. Brontzezko dominak hiru izan ziren: Mikel Irastortza 60 metro hesietan 8,82 markarekin, Naroa Esnaola 3.000 metroetan 12.48rekin, eta Iker Martinez 1.500 metroetan 4.08rekin.

Beste klubetan dabiltzan eskualdeko atletek lortu zituzten beste sei dominak. Horietatik bost urrezkoak izan ziren: Atletico San Sebastian klubeko Maria Navascues tolosarrak 1.500 metroko eta 3.000 metroko probak irabazi zituen, Realeko Joseba Larrauri irurarrak 200 metroko proba irabazi zuen, Realeko John Cabang irurarrak 60 metro hesietako lasterketa irabazi zuen 8,03 markarekin, eta Bidasoa Atletiko taldeko Eunate Martinez de Rituerto tolosarrak altuera jauzia irabazi zuen 1,63 metroko jauziarekin. Beste domina zilarrezkoa izan zen, Realeko Mario Estanga tolosarrak pertika jauzian lortutakoa, 4,50 metroko jauziarekin.

ANDER MARTINEZ DE RITUERTO, IRABAZLE BORDELEN

Realeko Ander Martinez de Rituerto pertika jauzilari tolosarrak larunbatean Bordelen jokoan izan zen Star Perche izeneko lehiaketan bere mailako proba irabazi zuen, 5,18 metroko saltoarekin.

Beste berri on bat ere jaso du atleta tolosarrak. Espainiako Atletismo Federazioak 2022ko 20 urtez azpiko atleta onena izateko hautagaien artean sartu du. Iaz bosgarren izan zen 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan, eta bertan, 5,25 metrotako jauziarekin berak ezarritako Euskadiko marka gainditu zuen. Herritarrek aukera dute Martinez de Rituertori botoa emateko, esteka honetan.

JUNE SUDUPE, TXAPELDUN

Euskadiko Kros Txapelketa izan zen jokoan Ortuellan asteburuan, eta emaitza nabarmenena Tolosa CF-ko June Sudupek lortutakoa izan zen, txapelduna izan baitzen 20 urtez azpiko mailan. Klub bereko Naroa Rojo laugarren izan zen maila horretan. Absolutu mailan, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Murua altzotarra seigarren izan zen.

18 urtez azpiko mailan, Tolosa CF-ko Idoia Arrospidek eta Unax Armendarizek laugarren postua lortu zuten, eta 16 urtez azpiko mailan, Tolosa CF-ko Ekhi Civico seigarren izan zen.

Argazkiak: Shrabani Aranzabe eta FotosJulen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!