Garaipen garrantzitsua lortu dute Altuna III.ak eta Tolosak

Ataria 2023ko urtarrilaren 16a

Xabier Tolosa, Binakako Pilota Txapelketan.

Oraindik partidarik galdu gabe zeuden Elordi eta Zabaletari 22-21 irabazi diote, partida gogor eta lehiatuan. Jakak eta Peña II.ak euren partidak galdu egin dituzte.

Binakako Pilota Txapelketaren zortzigarren jardunaldia jokatu da asteburuan, bigarren itzuliko lehenengoa, eta Altuna III.ak eta Tolosak garaiezinak ziruditen Elordi eta Zabaletaren aurka irabazi dute. Tanto batengatik irabazi zuen eskualdeko pilotariek osatutako bikoteak, Altunak txokoan maisuki utziz egindakoarekin. Zabaletak bere jokoa egin zuen, baina Tolosak partida bikaina jokatu zuen eta ondo eutsi zion atzean. Elordik ez zuen gehiegi asmatu partidaren bukaera arte, eta Altunak bere jokoa baliatu zuen tanto ikusgarriak egin eta markagailuan aurretik egoteko ia partida osoan zehar. Garaipen sufritua ederki ospatu zuten amezketarrak eta anoetarrak. Bost garaipenekin laugarren postuan daude Altuna III.a-Tolosa.

Eskualdeko beste bi pilotariek galdu egin zituzten jardunaldiko euren partidak. Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak 22-17 galdu zuten Urrutikoetxea eta Albisuren aurka, eta Jakak eta Arangurenek 22-16 Laso eta Imazen kontra. Peña II.a eta Mariezkurrena II.a seigarren postuan daude hiru garaipenekin, eta Jakak eta Arangurenek azken postuan jarraitzen dute, garaipen bakarrarekin.

Eskualdeko 'derbian', Iztueta garaile

Promozio mailako binakakoan, parte hartzen ari diren eskualdeko bi pilotariek elkarren kontra jokatu zuten. Iztueta tolosarrak eraman zuen garaipena, 22-12 irabaziz Agirrerekin batera Alberdi eta Elizegi asteasuarraren aurka. Agirre-Iztueta sailkapenean bosgarren daude, lau garaipenekin, eta Elizegi eta Zubizarreta III.a bere aurrelari titularra zazpigarren daude, garaipen bakarrarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!