Eskualdeko zigilua duen kantata

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 12a, 19:59

Igandean aurre estreinatuko dute Leioan 'Galerna. Azken bidaia' kantata eszenikoa. David Azurza tolosarrak sortu du emanaldirako musika eta Juan Kruz Igerabide adunarrak, berriz, testuak.

Martxoaren 19an, Arriaga antzokian estreinatuko dute, Loraldia festibalaren barruan, Galerna. Azken bidaia kantata eszenikoa. Aurrez, Leioan egingo dute aurre estreinaldia igande honetan, 19:00etatik aurrera. David Azurzak (Tolosa, 1968) sortu du kantatarako musika, eta testuak berriz, Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) osatu ditu.

Duela lauzpabost urte jaso zuen Azurzak Leioa Kantika Koralaren gonbidapena lan hau gauzatzen joateko. «Oso eskertuta nago. Zaila da horrelako proiektuak aurrera ateratzea, elementu asko lerrokatu behar direlako. Konplexua da egitasmoa, aurrekontu handikoa, eta urteak behar izan ditugu finantziazioa bilatzeko. Zorionez guztia aurrera atera da eta oso pozik gaude aurtengo Loraldiak kantata eszeniko baten alde egin duelako», esan du musikagile tolosarrak. Jaialdiko antolatzaileek aipatu duenez, obra mota hauek beharrezkoak dira «abesbatzen perspektibak irekitzeko eta abesbatzen inguruan gizarteak duen pertzepzioa aldatzeko».

Ordubete inguruko saioa izango da Galerna. Azken bidaia eta musika eta dramaturgiaren ardura izan du Azurzak. «Obra korala da. Leioa Kantika Koraleko haur eta gazteekin batera, sei musikarik osatutako talde instrumentala arituko da, tenore bakarlari bat eta aktore bat». Agertokiaren gainean 50 lagun inguru izango direla nabarmendu du obraren egileak.

«Doinu eta erritmo herrikoietatik abiatu gara, gero beste toki batzuetara iristeko. Guztiak zentzu bat izan dezan eta norabide jakin batean joan zedin egin dugu lan», azaldu du Azurzak. Emanaldirako testuak osatzeko Juan Kruz Igerabiderengana jo zuen musikagile tolosarrak eta hark osatu ditu emanaldian esango diren poemen hitzak eta kantuen letrak.

Idazle adunarrak adierazi duenez, lehen aldia izan da Azurzarekin batera lanean aritu dena. «Ez nuen zalantza handirik izan. Gaitasun handiko konpositorea da David eta ohorea da bere ondoan aritzea». Aurretik abesbatzen mundutik elkar ezagutzen zuten Igerabidek eta Azurzak, adunarrak koruentzako pieza bati baino gehiagori jarri izan dizkiolako hitzak.

ITSASOA ETA GALERNA

Euskal doinu herrikoietatik abiatuta irudimena piztuko duen bidaia emozionala da proposatzen dutena Galerna. Azken bidaia ikuskizunean, «ur sakonetan sartzek gonbidapena musikaren laguntzaz». Itsasoari idatzitako poemak, itsasoren inguruan sortutako kondairak, kantutegietatik ateratako itsas soinuak eta amodiozko kantak ondu ditu Igerabidek. «Poetikotasun izugarria du itsasoak», esan du idazleak. «Nerudaren itsasoari buruzko poema oso ezagun batean eta Lizardiren Neskatxa urdin-jantzia poeman inspiratu naiz eta bien arteko elkarrizketa irudikatuz, haien oihartzunarekin osatu ditut zenbait poema».
Euskal tradizioan sakondu du ikuskizunerako testuak osatzerako orduan, eta gertaera historiko jakin batean ere jarri du arreta: «Itsasoa eta galernaren ideia iradoki zizkidan Davidek, eta zehazkiago esateko, 1912ko abuztuaren 12an Bizkaiko kostaldea jo zuen galernaren istorioa dago oinarrian». Hondamendi hartan guztira 144 gizon hil ziren, haietatik 119 Bermeokoak, 14 Lekeitiokoak, zortzi Elantxobekoak, eta hiru Ondarroakoak.

Euskal tradiziotik eta gertaera historiko horietatik abiatuta, dena den, sentipen unibertsal batzuen inguruko gogoeta luzatu nahi izan du Igerabidek testuetan. «Itsasoari buruzko begirada emozionala da. Ezezagunari beldurra, sakontasunaren misterioa, naturako indarren aurreko ezintasuna, ozeano neurtezinaren poetika, familiako kideak galtzeko arriskua, itsas jendearen alaitasuna edota bertan bizi diren kreaturak imajinatzeko gozamena dakar itsasoak. Euskal erroetatik abiatuta unibertsalak diren gai horiei buruz hitz egin nahi izan dut eta itsasoaren magia hori ekarri».

Testuetako batzuk errezitatiboak izango dira eta Jon Ander Urresti aktoreak esango ditu, baina badira Igerabidek sortu eta Azurzak kantu bihurtu dituen piezak ere. Leioa Kantika Koralak emango ditu horiek.

Azurzaren esanetan, «maila izugarria» duen abesbatza da Leioakoa. «Munduan haur abesbatzen euskal enbaxadore garrantzitsuenetako bat izatea lortu du azken 20 urteetan. Bidaiatu dute munduan zehar, irabazi dituzte lehiaketak eta euskal musikagileen obrak sortu, estreinatu eta grabatu dituzte. Basilio Astulez zuzendariaren eskutik izugarrizko lana egin dute ikuskizun hau osatzerako orduan», aipatu du tolosarrak.

Eguberrietako egunak entseguak egiteko baliatu dituzte Leioa Kantika Koraleko lagunek, musika koralak hartuko baitu pisu handiena ikuskizun honetan. «Haur eta gazte abesbatza izanik, emanaldia publiko guztiarentzako bideratuta dago», aipatu dute egileek. Aurre estreinaldia igandean egingo dute, Leioako Kultur Leioan, 19:00etatik aurrera. Ondoren estreinaldi ofiziala, Loraldia jaialdian egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian, martxoaren 19an. «Hortik aurrera beste herrietara eraman nahi genuke emanaldia. Irudi edo bideoen bitartez erakutsiko diogu zertan datzan ikuskizunak eta gure asmoa da, datozen bi urteetan-edo, Euskal Herrian zehar bira bat antolatzea», adierazi du Azurzak. Galerna lanak abiatu du bere bidaia.

FITXA TEKNIKOA

 

Ekoizpena. Loraldia Kooperatiba elkarte txikia.

Musikagilea. David Azurza.

Testugilea. Juan Kruz Igerabide.

Musika zuzendaria. Basilio Astulez.

Abesbatza. Leioa Kantika Korala.

Eszena zuzendaria. Lucia Astigarraga.

Tenore bakarlaria. Aitor Garitano.

Aktorea. Jon Ander Urresti.

Talde instrumentala. Luis Lopez (pianoa), Aitor Furundarena (akordeoia), Ander Lekue (perkusioa), Natalia Sanchez (flauta), Oliver de Castro (tronpa) eta Rafa Climent (klarinetea).

Soprano bakarlariak. Haizea Lorenzo, Enola Aurrebarrena eta Ninbe Solana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!