Txotx denboraldia bihar hasiko da Tolosaldean

Ataria 2023ko urtarrilaren 10a

«Gure sagardo berria» bihar ozen esango dute sagardotegietan. Tolosaldean ere prest daude sagardogileak, sagardotegiko ateak zabaltzeko.

Urtarrilean zehar eskualdeko sagardotegiak ateak zabaltzen joango dira. Ohiko eskaintzaz gain, Eguzkitza Tolosako sagardotegiak, adibidez, sagardogintzari lotutako piezen erakusketa txiki bat jarri du. Adunako Zabalan ohiturari jarraituz, eskailera batera igota irekiko dute kupel bat. Aburuzan, hau ere Adunan, sagardogintzaren historiaren inguruko bisita gidatuak eskainiko dituzte. Tolosako Isastegik, Aralarren paisaia ikusteko aukera paregabea eskainiko du bertako balkoitik. Asteasuko Sarasolan, trikitilari eta bertsolariekin hasiko dute denboraldia. Azkenik, Lizartzako Goikoetxean, San Sebastian egunean ateak zabaltzeko tradizioarekin jarraituko dute.

Tolosaldeko sagardotegiak:

  • Aduna:
    • Zabala: irekita
    • Aburuza: urtarrilak 11
  • Asteasu:
    • Sarasola: urtarrilak 14 
  • Lizartza:
    • Goikoetxea: urtarrilak 20
  • Tolosa:
    • Eguzkitza: irekita
    • Isastegi: urtarrilak 14 (afariekin)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!