Eskola-kirolean euskaraz aritzeko formazioa jaso dute Tolosaldeko begirale-hezitzaileek, Uemaren eskutik

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 9a, 09:59

Eskola-kiroleko begirale-hezitzaile ikastaroa jaso zuten pasa den astean Tolosaldeko eskola-kiroleko 40 bat begirale gaztek.

Ikastaro horren edukien artean, eskola-kirolean ere euskaraz aritzeko irizpideak aletu dizkie Uemak gazteei, Tolosan eskainitako saioetan. Entrenatzaile izatetik hezitzaile izateko bidean, euskarak zer garrantzi duen eta aisialdi ez-formalean ere euskarari eusteak haur eta gazteen hizkuntza-ohituretan duen eragina erakutsi nahi izan die Uemak laster begirale eta hezitzaile berriak izango direnei.

Uemak eta Oinherrik aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu zuten iaz, lehen aldiz, eta herriz herri eskaini zuten udaren atarian, bateko eta besteko udalekuak hasi aurretik. Guztira, udalerri euskaldunetan 40 saio eman zituzten Uemako teknikariek eta Oinherriko kideek, eta horietan guztietan 644 hezitzailek, begiralek eta aisialdiko taldeen koordinatzailek hartu zuten parte. Besteak beste, udalekuetan eta aisialdiko ekimenetan haur eta gazteekin euskaraz aritzeko hizkuntza irizpideak landu zituzten.

Badira zenbait urte Uemak, hezkuntza ez-formalean hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahian, udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatzen dituela. Iaz ere 100 lagunek hartu zuten parte. Topaketen oinarria gazteen artean hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea eta gazteak kontzientziatzea denez, aisialdiko begiraleei ere soziolinguistika edukien eta beste zenbait gai zehatzen inguruko formazioa eskaintzea ezinbestekoa iruditu zitzaion Uemari, eta azken urteotan gai horiek landu ditu Salto! topaketetan begirale izan direnekin.

Formazio-saio horiek izandako arrakasta ikusita, eta hizkuntza-ohituretan eragiteko gazteak kontzientziatzea ezinbestekoa dela ohartuta, formazio-saioak beste alor batzuetara zabaltzeko eskaintza egin zien Uemak udalei, eta horrela heldu zen pasa den astean Tolosan egindako ikastaroa.

Eskola-kirolean begirale-hezitzaile izango diren Tolosaldeko 40 bat gaztek hiru eguneko formazioa jaso zuten, eta horren edukien artean jaso dute euskarari buruzko Uemaren saioa ere. Besteak beste, Tolosako, Ibarrako, Berastegiko eta Anoetako begirale gazteak bildu ziren.

Eredu, udaletara zein beste arlo batzuetara zabaltzeko

Uemako hezkuntza teknikarien hitzetan, pasa den asteko saioa eredugarria da, bai udaletara eta baita eskola-kirola ez den beste alor batzuetara zabaltzeko ere: «Udaren atarian ehunka begirale-hezitzaile euskararen inguruan formatzea giltzarria izan zen bezala, UEMArentzat oso garrantzitsua da eskola-kirolean eta beste arlo batzuetan jardungo duten begirale, entrenatzaile eta hezitzaileak ere hizkuntza-estrategien inguruan formatzea. Azken batean, begirale bezala haur eta gazteen aurrean rol garrantzitsua jokatzen dutela eta harreman horretan euskaraz aritzeak duen garrantzia ikusarazteko azalpenak eman dizkiegu, udalerri euskaldunetan bizi direnez euskararen egoeraren kontzientzia har dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!