Gabonak eta kontsumoa eztabaidagai

Ataria 2023ko urt. 4a, 10:45

Tolosaldeko 5 urteko 375 ikaslek hartu dute parte Tolosako Ingurumen Zentroak bideratutako Gabonak eta Kontsumoa tailerrean. Gabonetako oporrak hartu baino lehen aritu ziren, eta bertan kontsumitzeko eraren eta gehiegizko energiaren kontsumoaren ondorioak landu zituzten.

Tailerra ikasturte honetan lantzen ari diren Eskolako Agenda 2030 proiektuaren barruan egin dute eta Tolosaldeko 8 herritako 12 ikastetxetako 5 urteko 375 gaztek hartu dute parte. Tolosako Ingurumen Zentroak esan du Gabonak jasangarritasuna bultzatzeko eta zentzuz jokatzearen inguruko hausnarketa egiteko garaia bihurtu dela eta horregatik aukeratu dutela gaia. Ekimenaren helburuak izan dira Eskolako Agenda 2030 proiektuaren gaia HH5 urteko ikastaldeekin lantzea, Gabonetako kontsumoa ardatz hartuta kontsumo ohituretan aldaketak sustatzea eta Ama Lurraren zaintza denon ardura dela eta denok dugula zer egina ulertaratzea. Izan ere, eskoletan ikasturte honetan Energia: gure bizitzaren motorra da gaia ari dira lantzen.

Ikasleek ordubeteko saio batean hartu zuten parte eta energia kontsumoaren inguruko hausnarketa egin zuten. Bertan hainbat ideia landu zituzten taldeetan banatuta: oinez eta bizikletaz mugitzearen mesedeak, geletatik ateratzerakoan argiak eta gailu elektronikoak itzaltzeaz eta kalefakzioa behar denean bakarrik pizteaz, besteak beste. "Ondoren, kristalezko pote bat berrerabili, apaindu eta barruan argizariarekin egindako kandelatxoa sartuta argi potea egin zuten etxerako, Gabonetako apaingarri moduan", esan dute TIZeko arduradunek.

Gabonak eta Kontsumoa tailerrean parte hartu duten herri eta ikastetxeak:

  • Adunako herri eskola
  • Anoetako ikastola
  • Berastegiko Muñagorri herri eskola
  • Ibarrako Uzturpe ikastola
  • Irurako ikastola
  • Villabonako Fleming herri eskola eta Zubimusu ikastola
  • Zizurkilgo PM Otaño herri eskola eta Zubimusu ikastola
  • Tolosako Samaniego herri eskola, Herrikide ikastetxea eta Laskorain ikastola

Eskolako Agenda 2030

Gabonak eta kontsumoari buruzko tailerra Eskolako Agenda 2030 proiektuaren barruan kokatu behar da. Proiektuak bi urteko epealdia du eta horren barruan hainbat eskolatan jasangarritasunari buruzko hausnarketa ari dira egiten, eta horren barruan energiari buruzko lanketak burutzen ari dira. Proiektuaren barruan besteak beste, herriko energia kontsumoaren inguruko azterketa egingo dute, Tolosaldeko energia iturriak izango dituzte hizketagai eta ondorioak aterako dituzte. Ondorio horiek, urtero bezala, ikasturte amaieran aurkeztu dituzte udalez udal, udal ordezkariei proposamenak egiteko eta konpromisoak eskatzeko. "Erronka ez da erraza, baina ahalegin guztiak egingo ditugu, hezkuntza komunitate osoa elkartuta udal agintarien laguntzarekin, eskualdeko gazteak motibatzeko gizartearen aldaketan parte aktiboa izan dezaten", esan dute TIZetik.

Eskolako Agenda 2030 proiektuan Aduna, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo adin ezberdinetako 7.500 ikasle inguruk eta beren familiek parte hartuko dute, "guztien artean Tolosaldeko herriak iraunkortasunaren bidean jartzeko".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!