Urtekaria 2022

Falta zitzaion txapela lortu du Jokin Altunak

Ataria 2023ko urt. 8a, 14:00

Pilotari amezketarrak binakakoan txapela jantzi du Martija atzelari duela; lau eta erdikoan finalera iritsi da, eta ezin izan du irabazi, tanto batengatik Ezkurdiaren aurka galduz partida ikusgarri batean.

Beste urtebetez protagonista bihurtu da Jokin Altuna amezketarra pilotaren munduan. Binakakoan falta zitzaion txapela janztea eta aurtengoan lortu du, Martija atzelari zuela. Laso eta Imaz bikoteari irabazi zioten, emozio handiko finalean, 22-20 gailenduz. Txapelketa nagusietako bere seigarren txapela jantzi zuen, beraz, amezketarrak, eta bazirudien urte are bereziagoa izan zitekeela Altuna III.arentzat, buruz burukoa eta lau eta erdikoa falta zirelako. Baina txapel horiek ihes egin zioten: buruz burukoan Lasoren aurka galdu zuen finalerdia (17-22) eta lau eta erdikoan Ezkurdiaren aurka galdu zuen finala (22-21). Final hori ikusgarria izan zen, aspaldiko onenetakoa, emozio eta joko maila handikoa. Foru aldundiak Gipuzkoa Kirola Saria eman dio amezketarrari gizonezkoetan.

Erik Jaka lizartzarra, bere aldetik, buruz burukoaren finalerdietara iritsi zen, Ezkurdiaren aurka galduz (22-2). Jaka hirugarren geratu zen txapelketa horretan, Altunak uko egin baitzion hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidari.

Promozio mailako binakako txapelketan finala jokatu zuen Iker Elizegi asteasuarrak, baina txapelik ezin izan zuen jantzi. Bakaikoarekin osatu zuen bikotea, eta finalean 8-22 galdu zuten Zabala eta O. Etxeberriaren aurka.

Eskuzko modalitatean, ezker paretan, profesionaletan debuta egin zuen azaroan Martxel Iztueta atzelari tolosarrak. Baiko Pilota enpresarekin sinatu zuen, eta dagoeneko 2023ko promozioko binakako txapelketa ari da jokatzen. Txanponaren beste alde bizitzea tokatu zitzaion urte hasieran Jon Erasun zizurkildarrari, Baiko Pilotak ez baitzion kontratua luzatu.

Profesionaletara salto egin duen beste pilotari bat Eneko Maiz billabonatarra izan da. Eskuz trinketean ariko da, Iparraldean, Esku Pilota enpresarekin hitzarmena sinatu ondoren. Lehen pilotari gipuzkoarra da kontratu profesional bat sinatzen duena trinketean. 2023an hasiko du ofizialki bere ibilbidea profesional mailan. Bestalde, erremontean lehen partida jokatu du profesionalekin Jon Irazu adunarrak, Villabonako Udal Pilotalekuan.

Munduko Pilota Txapelketa
Miarritzen (Lapurdi) jokatu da Munduko Pilota Txapelketa eta bertan eskualdeko hiru pilotari izan dira parte hartzen. Maila handia eman dute hirurek, dominak lortuz. Eneko Labaka albizturtarrak urrezko domina lortu du, eskuz binaka eta ezker paretan, David Merinorekin batera. Joxi Lopetegi irurarrak eta Eneko Maiz billabonatarrak zilarrezkoa eskuratu dute. Lopetegik xarean lortu du, Sebas Moncadarekin batera, eta Maizek eskuz trinketean, Javier Luquinekin batera. Bi bikoteek Frantziako selekzioaren aurka jokatu dute finaletan.

VI. Ataria Pilota Txapelketa

Bi urtez antolatu gabe izan ondoren, aurtengoan berriro egin ahal izan da Ataria Pilota Txapelketa. Bere seigarren edizioa izan da, eta guztira ia 300 pilotarik parte hartu dute, eskualdeko hainbat pilotalekutan. Finala Albizturko Mendikute frontoian jokatu zen ekainaren bukaeran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!