Urtekaria 2022

Herri antzerkiak Alegian eta Amezketan

Ataria 2023ko urt. 7a, 14:00

Alegiako antzezlaneko lantaldea.

Alegian Inaxio Begiristain omenduz egin dute 'Bata zu eta bestea ni' antzezlana; Amezketan, 36ko gerrako herriko gertakizunak izan dituzte kontakizun 'Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu!'-n.

Alegian eta Amezketan herri antzerkiek eman zuten zeresana, urte amaieran. Herritar askok parte hartuz, guztiz arrakastatsuak izan ziren bi antzezlanak, bi herrietan. Alegiako Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren aitzakian sortu zen herrian antzerkia egitearen ideia. Elkartearen urteurrenak bat egin du Inaxio Begiristain Albisuren jaiotzaren 100. urteurrenarekin, eta omenaldia egin nahian, Begiristainek idatzitako Bata zu eta bestea ni antzezlana taularatu zuten herritarrek, Intxurre antzerki taldea, Inaxio 100 urte izenpean. Herritarrengandik izan zuen erantzun onak, hiru aldiz egitera eraman zituen aktoreak. Eta Begiristainen jaioterrian, Altzon ere, egin behar izan zuten.

36ko gerrari lotutakoak, Amezketan

Amezketako herri antzerkiko entsegua.

Antton Amundarain herritarrak egin du 36ko gerrako bilketa liburua idazteko, eta bere ideia izan zen herritarrek eta herritarrentzat antzezlana egitearena. Gidoia Agustin Amiano altzotarrak idatzi zuen, eta gerora egin zuten herritarren artean aktore lanak egingo zituztenen bilaketa. Gazte mordo bat animatu zen parte hartzera. Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu! antzezlana osatu, eta herritarrengandik izan zuen arrakasta ikusita, bost aldiz egin behar izan zuten egun bakarrean. Amezketako herritar askok egin zituzten aktore lanak, eta herritarrak gozaraziz, beraiek ere gozatu zutela aitortu zuten. «Oso-oso gustura» geratu ziren guztiak. Bost ataletan banatutako antzezlana prestatu zuten, gune ezberdinetan banatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!