Urtekaria 2022

Larraulgo eskola lortuta eta Hernialdekoa bidean

Ataria 2023ko urt. 4a, 20:00

Larraulgo eskolak izaera propioa eskuratu du ikasturte honetan.

Orain arte Larraulgo eskola Pello Errota Asteasuko eskolaren gela desplazatua izan da eta aurtengo ikasturtean lortu du izaera propioa. Hernialden haur eskola sortu ondoren, eskola zerbitzua lortu nahi dute.

Larraulgo Herri Eskola ofizialki inauguratuta geratu da aurtengo irailean. 14 urtez Asteasuko Pello Errota eskolako ikasgela desplazatu bezala martxan egon ondoren, izaera ofiziala lortu du aurtengo ikasturtean.

Babes zabalarekin inauguratu zuten eskola irailaren 17an. Eskolan hezitzaile izandako irakasle, haur eskolako hezitzaile eta jangelako begiraleak izan ziren bertan, eskolan ibilitako ikasle ohiak eta familia ohiak, egungo familiak, irakasle eta ikasleak. 1960ko hamarkadara arte eskola zaharrean ikasle izan zirenak bertaratu ziren, Hezkuntza saila, Larraulgo Udala, Baikara, EHIGE eta Eskola Txikien Koordinakundeko ordezkariekin batera.

Eskola propioa sortu arren, umeen beharrak «iparrorratz» izaten jarraituko duela nabarmendu dute Murgil guraso elkartetik: «Haur gutxi egoteak dakar haur horietako bakoitzaren beharrak guztion behar bihurtzea. Ezin diogu erreparatu kopuruari. Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu guk, ume bakoitzaren beharrak asetzen jarraitzeko». Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola sortuta, Larraul eskola txikien sarean sartuta egongo da.

HERNIALDEN ESKOLA LORTZEKO BIDEAN
Irailean jarri zuten martxan 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur eskola Hernialden eta hurrengo helburua 2023ko irailetik aurrera herrian eskola zerbitzua lortzea izango da. Horretarako Hernialdeko Eskola Txiki berriaren proiektua aurkeztu dute aurtengo abenduan.

Hernialdeko Udalaren ikuspegitik ezinbestekoa da umeek txikitatik naturarekin harreman bat eraikitzen joatea, errespetu eta elkarren zaintzan oinarrituta. «Hernialdeko Eskola Txikiko umeek aukera izango dute goxotasunez, lasaitasunez eta naturaz inguratutako testuinguru pedagogiko batean hezteko. Haur bakoitzak bakarkako jarraipena jasoko du. Ziur gaude adin tarte ezberdinen elkarketak aberastu egingo dituela eta guraso zein irakasleen arteko harreman estua eraikiko dela. Eskola bat izango da, non eskakizun kurrikularra ume bakoitzaren garapenera eta bizi den landa ingurunera moldatuko den», esan dute udal ordezkariek.

Duela urte pare bat Hernialde Berpizteko Plana jarri zuen martxan eta gako bezala ikusi zuten bertan herrian eskola zerbitzua ezartzea: «Herrian geroz eta adin nagusiko jende gehiago dago, eta beste aldetik, herriko gazteak eta umeak dituzten familiak, beste udalerri batzuetara joaten dira». Joera horri aurre egiteko lortu nahi dute Eskola Txikia Hernialden.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!