Urtekaria 2022

2022 betea

Ataria 2022ko abe. 30a, 08:00

TOLOSALDEKO ATARIA-ko erredakzioak urte osoan jorratutako albisteen bilduma osatzen ahalegindu gara ondorengo orrietan. COVID-19 izan da protagonista azken urteetan, baina badirudi burua altxa eta bagoazela aurrera.

Tolosaldeko ospitale publikoaren inguruko albisteak pilatu zaizkigu bata bestearen atzetik eta badirudi datozen urteetan ere horrela izango dela. 2023ak ez digu ospitale berria ekarriko baina bai Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Urte berriarekin batera iritsiko da Andragora parte hartze prozesu luze baten ondotik. Ez da hori parekidetasunari lotuta izan dugun albiste bakarra. Zoritxarrez izan ditugu erasoak eta herritarrek horien aurrean egindako protestak, eta zorionez badira berdintasunaren bidean erabilgarri izango diren lanketak ere.

Pandemiak areagotutako lan gatazkak ere izan ditugu aurten. E-mobility enpresarena izan da eskualdean oihartzun handiena lortu duena, baina ez da bakarra izan: adinekoen egoitzetan borrokan jarraitzen dute, Gamesako langileek informazioa nahi dute, kamioilariak ere izan ziren greban, grafikagintzan ari dira egoera bideratzen, Circet Cablevengo langileak ari dira euren eskakizunen alde egiten... Eta ezin ahaztu eskualdean izandako bi lan heriotzak ere.

Bada alarma gorria piztu duen beste gai bat bukatzear dagoen urte honetan: euskararen erabilera. Gazteen artean euskararen ezagutza inoizko altuena den arren, erabileran beherantz goaz, orokorrean, eta horrek alarma piztu du. Teknologia berriak, gazteen ohitura berrituak, helduagoen erlaxazioa... asko izango dira horretan eragin duten faktoreak, guztiak hartu beharko dira kontuan, eta guztion indarra beharko da egoera iraultzeko eta euskara arnasberritu eta indartzeko. Hezkuntza Legearen zirriborroak sortutako desadostasunak iritsi dira eskualdera, baina badira albiste onak ere; Hernialden haur eskola eta eskola txikia sortzeko ari dira lanean, Larraulen eskola dute jada eta Alkizan eskola berritu dute. Herri biziak nahi baditugu, eskolak dira beharrezko, eta bide horretan urratsak ematen ari dira eskualdean.

Ez dira horiek Tolosaldeak eman dituen albiste bakarrak, eta horietako esanguratsuenak bildu ditu ATARIA-k urtekari honetan. Eta 2023an ere eskualdeko komunikabideak jarraituko du egiten duzuen hori biltzen eta gertatzen dena zuen etxeetara gerturatzen. TOLOSALDEKO ATARIA zuekin egongo da baita 2023an ere. Urte berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!