Urtekaria 2022

Eskualdeko zenbait langile, hitzarmen hobeen eske

Ataria 2023ko urt. 2a, 20:00

Irizar E-mobilityko langileek egindako mobilizazioetako bat.

Irizar E-mobility enpresan 180 langilek egin zuten bat hiru astez luzatu zen greba deialdiarekin. Grafikagintza sektoreko langileek, adinekoen egoitzetakoek eta garraiolariek ere egin zituzten lanuzteak.

Apirilaren 25ean hasi zuten greba mugagabea Adunako Irizar E-mobility enpresako langileek. Urteko lehen lau hilabeteetan lan ituna negoziatzen aritu ziren eta enpresa batzordeak esan zuen zuzendaritzak ez ziola langileen eskaerari behar bezalako garrantzia ematen. «Hau gutxi balitz, negoziazioa baldintzatu dute beraien itun proposamena onartzera behartuz», adierazi zuten. Zehazki hauek ziren langileek zituzten eskaerak: langileei lan berdinagatik soldata bera ordaintzea, lan irteeretarako lan baldintzak duindu eta berdintzea, egiten diren esfortzu gehigarriak konpentsatzea, bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzeko lana eta bizitza uztartzeko neurriak jartzea eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea.

Greba mugagabearen lehenengo egunetan «jarraipen oso zabala» izan zutela azpimarratu zuen enpresa batzordeak; ekoizpena gelditzeraino heldu ziren. Lehen bi asteetan, gainera, protesta eta aldarrikapenekin jarraitu zuten; besteak beste, kotxe karabanak egin zituzten Tolosaldean, Buruntzaldean eta Goierrin. Hamabosgarren greba egunerako, baina, enpresako zuzendaritza oraindik ez zen jarri langileekin harremanetan. Zuzendaritza «desagertuta» zegoela esan zuten langileek, eta ez zutela atzera egingo.

Bi egunetara Irizar taldeak idatzi bat zabaldu zuen bazkide eta langileen artean, non soldata igoeraren inguruko azalpenak ematen zituen, besteak beste. Langileek esan zuten, ordea, zuzendaritzarekin bildu gabe eta eskatutako bost puntuak bermatu gabe jarraitzen zutela. Hitzarmen berri bat lortzeko negoziatzera esertzeko «borondateari» eusten ziola esan zuen enpresak, eta greba «berehala» bertan behera uzteko eskatu zuen, «normaltasunera itzultzeko».

Maiatzaren 13an aurreakordioa egin zuten Irizar E-mobilityn. Hemeretzigarren greba egunean lortu zuten lan gatazka desblokeatzea. Lan itun berria sinatu arte grebari eutsiko ziotela esan zuten langileek; hala ere, hurrengo egunean egitekoa zuten manifestazioa bertan behera utzi zuten. Horren ordez elkarretaratzea egin zuten Andoainen. Oinarrizko puntuetan adostasuna lortuta, langileak «pozik» azaldu ziren eta aurreakordioaren inguruko balantze positiboa egin zuten, batez ere egoera desblokeatu zelako.

Maiatzaren 16an, enpresa batzordeak ituna sinatu zuen zuzendaritzarekin. Ondorioz, bertan behera utzi zuten greba mugagabea, 22. egunean, eta biharamunean itzuli ziren lanera, zuzendaritzarekin ituna sinatu ostean.

Grafikagintza sektorea
Gipuzkoako grafikagintza sektoreko langileek hitzarmen berria sinatzeko negoziaketei ekin zien berriro apirilean; aurreko hitzarmena 2021 urtea amaitu arte egon zen indarrean. Tolosaldeko langileak ere mobilizatu ziren; pisu handia du sektoreak eskualdean, enpresa ugari baitaude. Ekainean, sektorerako hitzarmen «duin» baten negoziaketa aldarrikatzeko eta Adegi patronalak ezarri duen blokeoa salatzeko, kotxe karabana egin zuten eskualdean; negoziazio mahaian dauden LAB eta ELA sindikatuko ordezkariak izan ziren bertan.

Hitzarmena indarrean den urteetan soldata igoerak KPIaren gainetik ezartzea, urteko lanaldia 16 orduz murriztea eta txanda kontratuaren aplikazioa eskatzen zuten langileek. Uztailerako zenbait elkarretaratze eta batzar egin zituzten lantokiz lantoki; lau bilera eta gero hitzarmena negoziatzeko mahaiak blokeatuta jarraitzen zuen.

Ikasturte berria abiatzearekin batera, Adegik sektoreko negoziazio-mahaia «blokeatua» zuela eta, langileek mobilizazioetara eta grebara joatea erabaki zuten irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. Bi elkarretaratze ere egin zituzten LAB eta ELA sindikatuek deituta, Tolosan eta Elduainen. Grebak %80ko jarraipena izan zuen sindikatuen arabera. Azkenean, abenduaren 2an, «sektoreko langileentzat baldintza duinak bermatzen dituen aurreakordioa» lortu zuen LABek Gipuzkoako grafikagintzan; abenduaren 21ean sinatu zuten hitzarmena.

Adinekoen egoitzetako langileak
ELA eta LAB sindikatuek greba deitu zuten Gipuzkoako zahar etxeetan maiatzaren 19rako, lan hitzarmena eta lan ratioak hobetzea eskatzeko. ELA-k bilera batera deitu zituen Aldundia eta patronalak apirilaren 5ean, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako, eguneko zentroetako eta tutoretzapeko etxebizitzetako langileentzat hitzarmen berri bat sinatu eta gatazka konpontzeko asmoz, baina Aldundia ez zen agertu, eta patronalek, negoziazioa «zapuztu» zuten. Ondorioz, maiatzaren 19ko lanuzteen ondoren, ekainaren 30ean, eta uztailaren 1ean, 14an eta 15ean ere lanuzteak egin zituzten. Bost urte igaro dira ELA-k lehen negoziazio mahaia martxan jarri zuenetik.

Garraiolariak
Garraiolari autonomoak greban izan ziren zenbait egunez, eta martxoaren 21ean, bederatzigarren greba egunean, kamioi karabana egin zuten. Irunetik atera ziren eta eskualdea zeharkatu zuten, lan baldintzak hobetzeko eskatuz. Garraiolarien %80 «negoziaketetatik kanpo» zegoela adierazi zuen Alex Perurena garraiolari ikaztegietarrak.

Circet Cableven
Azaroaren 21ean greba mugagabeari ekin zioten Amasa-Villabonako Circet Cableven enpresako langileek, ELA sindikatuak deituta. Ondorengo zergatiak azaldu zituzten: «Adostutakoa ez betetzeagatik, jasaten ditugun abusu etengabeengatik, etengabeko mehatxuengatik eta langile bat, lan taldeko emakume bakarra, kaleratzeagatik».

Circet Cableven enpresak Vodafone konpainiarentzat egiten du lan, telefono kableak instalatzen edo konpontzen, eta Gipuzkoako delegazioaren egoitza Amasa-Villabonan dago. 15 langilek osatzen dute, eta beraien esanetan, «950 euro» kobratzen dituzte hilabetean, oinarrizko soldata gisa. Amasa-Villabonako udal gobernuak babesa adierazi zien langileei.

Gamesak salmentan jarri du Asteasuko lantegia

Uztailean, Siemens Gamesako Asteasuko lantegiko langileek bost egunez lanuzteak egin zituzten enpresaren etorkizuna eta berau kokatuta dagoen GET dibisioarena «airean» ikusten zituztelako. Etorkizuna bermatuko zien akordiorik gabe jarraitzen zutela esan zuen LAB sindikatuak. Enpresak aurrerapausorik ematen ez bazuen irailean borrokan jarraituko zutela esan zuten langileek.


Irailean alarma piztu zuen lantokietan Siemens Gamesaren kaleratze planak. Alemaniako konpainiak 2.900 langile kaleratu nahi zituela adierazi zuen, eta aurreikusi zuen horietatik 475 Espainiako estatuko lan zentroetakoak izatea. Euskal Herrian du langile gehien (2.600), tartean, Asteasun (250). Azkenik, urrian, enpleguaren etorkizuna bermatzen duen akordioa lortu zuten langileek. LAB sindikatuak adierazi zuenez, akordio batera iritsi ziren zuzendaritzarekin; enpresako hitzarmena berritzeaz gain, lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu zuten. Aste batzuk beranduago, Siemens Gamesak haize erroten osagai batzuk ekoizteari utziko ziola eta, orain arte pieza horiek egiten zituzten lantegiak salgai jarriko zituela iragarri zuen, tartean, Asteasun duena. Langileak aukera honen jakitun ziren; hala ere, ziurgabetasun egoeran daudela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!